Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Abestiak gogoan bai, baina publikorik ez

Abestiak gogoan bai, baina publikorik ez

Amatiño 2023/06/09 12:00
Gabonak aurretik azaldu zuen X5 Kolektiboak “Abestiak gogoan” diskoa eta bost hilabete geroago burutu, jendaurreko aurkezpena. Arrakala honek aditzera ematen du zuzeneko kontzertuek pandemiaz geroztik bizi duten barealdia (1). Euskaldunok beroak gara aldarrikatzen, ez horrenbeste, agian, euskal ekoizpenak kontsumitzen.
 Abestiak gogoan bai,  baina publikorik ez

Petti, Nerea, Francisco, Iñaki eta Karlos

Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez elkarrekin pianoa jotzen dutenetakoak dira, eta hamaika urte luzetako hurbiltasun honen fruitu da Abestiak gogoan diskoa, zeinetan biltzen den Karlosek hamarkadatan egindako kanta hautatuen bilduma.

Iñakiri otu zitzaion, nonbait, ideia. Karlosek ontzat eman, hamahiru kanta hautatu, Nerea Gorriti eta Petti abeslariei zein Francisco Herrero biolin eta biola jotzaileari parte hartzeko gonbitea luzatu eta, horra, zelan sortu zen X5 Kolektiboa, egiazko protagonistak,  musikariak baino,  Karlosen abestiak direlarik.

Hautatutako kantarik gehienak Xabier Leteren errepertoriotik hartutakoak dira, eta hiru, hain zuzen, Xabier gaixo zela beronen eskariz Karlosek musikatutako poemak, oiartzuarrak sekula entzungo ez zituenak, moldatze-lanak amaitu aurretik zendu baitzen.

Hiruetako lehenari Imanol lagunari agurra deritza, Larzabalen hileta giroan burutua, elkartasun-premia izan zuen garaian behar besteko laguntza ez emateagatik barkamena-edo eskatzen. Bigarrena da Neguan izan zen, emazte izan zuen Lourdes Iriondoren heriotzaren ondotik egina. Eta hirugarrena, berriz, Biluts azkenean izenekoa, bizitzaren azken urteetako hausnarketez erdia.

Victoria Eugeniako aurkezpena gogotik ederra eta gozoa izan zen, plazer hutsa. Bostok frogatu zuten elkarrekin zein eroso eta gustura diharduten. Urumea bazterreko antzokia, neurriz eta moldez, aproposenetakoa da lagunarteko lilura sortarazteko. Jotzen eta kantatzen ez ezik, Iñakik nahiz Karlosek benetan asmatu zuten aukeran hitzegiten; ikusentzuleak, berriz, pozarren, urbitsetan, gau magiko horietako batean.

Hemendik aurrera zer? Iñakik taula gaineko pulpitoaren abagunea baliatu zuen han-hemenkako antolatzaileei (udal-zinegotziak ere lotsa handirik gabe aipatuz) X5 Kolektiboaren kontzertu-proposamena eskaintzeko. Ea ba, merkatuak behar besteko jokorik ematen duen, Karlos Gimenezek edozenbat euskal abeslarirentzat egindako antologiak ez baitu segurutik parekorik euskal kantagintzan. Gogoratu, bestela, Xabier Lete, Imanol Larzabal, Jose Antonio Labordeta, Amaia Zubiria, Antton Valverde, Julen Lekuona, Erramun Martikorena, Oskorri eta beste hainbatentzat 1976tik aurrera Karlosek moldatutako ereslanak eta, ezin gero ahaztu, Lizardi, San Juan de la Cruz, Alfonsina Storni, Gabriel Aresti, Pier-Paul Berzaitz, Etxahun-Iruri, Itxaro Borda eta beste zenbait olerkariren poemak musikatu izana.

Ez da, beraz, materialik falta. Publikoa ote, falta dena? (2)

1) Berriak (2023.05.24) egindako elkarrizketan:


 Kazetariak: Lana jendaurrean aurkeztea izaten da musikarien nahia. Nola ikusten duzu zuzenekoen zirkuitoa?

 Karlos Gimenezek: Gaizki, egia esan. Nik ez dakit non dagoen arazoa, baina uste dut erru pixka bat badugula jendeak, oro har. Ez garelako mugitzen antzokietara ezer ikustera. Orduan, kultura arduradunek beldurrez antolatzen dituzte ekitaldiak, jendearen esperoan. Nire ustez, ordea, instituzioek apustua eginez gero, posible izango litzateke egoera hau iraultzea.

2) Victoria Eugeniako aurkezpenean ez zuen antzokiak gainezka egin,  baina sarrera nabarmen ona izan zen. 

5X Kolektiboa
X5 Kolektiboa, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: