Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Abentura-nobela eta tragedia-poema

Abentura-nobela eta tragedia-poema

Amatiño 2013/02/27 23:50
“Argo” omen da aurtengo filmik onena eta “Amor”, berriz, ingelesez ez direnen arteko onena, Oscar sariei jaramonik egingo badiegu behintzat. Horretara, garbi dago, aurrena bigarrena baino hobea omen. Bai ote?

Auskalo. Hain dira berdinezak eze, nekez direla alderagarriak. Bai, biak dira zinema, nobela eta poesia literatura diren neurri berean, baina ez dakit ba nik erkagarriak ote diren.

Argo ipar-amerikarra da, heroi-mundua, atzerri-politika eta xenofobo samarra; Hollywood eta teknologia; ekimena, presa, heldu ezina; fikzioa gainditzeko besteko errealitate aztoratua. Sekulako zurrunbilo bilbatua, maisuki txirikordartua, nahiz gero trantze larritan elkar ezagutu duten pertsonaiak lauak izan, lañoak, hotzak, urrunak, nortasunbakoak. Eta, jakina, ondo amaitzen da.

Amor europarra, ostera, geldoa geldorik bada, astitsua, laxoa, erloju gabekoa; ez da heroi ezagunik eta, izatekotan, ez du behatzailerik izango, ez medailarik jasoko. Protagonistak musika-adituak dira, irakurzaleak eta, antza, ez dute telebistarik ere. Sekuentziak bizitza bera bezain latzak eta gogorrak dira, ikuslea ezeroso sentiarazteko bestekoak. Eta, jakina, txarto amaitzen da.

Argo, inoiz gertatua izan arren, abentura-nobela da. Gutako inork sekula bizi izango ez duena. Amor, aldiz, inork asmatutako historia bada ere, tragedia-poema da, gutako edonork bizi lezakeena.

Argo, larunbat arratsaldean eta erdi lotan, telebistaz ikusteko moduko thrillerra. Amor, berriz, igande-arratsean eta zinean, neska lagunari helduta barneratu beharreko drama.

Auskalo Argo Amor baino hobea ote den. Halatsu erabaki berri dute adituek. Eta hala izango da. Baina, nik neuk behintzat, Sanjuanak aurretik Argo erabat ahaztuko dut eta, behar bada, Amor, ez dut urtetan burutik kenduko.

 

ArgoCartel-------amorposter

Gonzalo Etxague
Gonzalo Etxague dio:
2013/02/28 02:58
Oscar sariek nire errespetu osoa dute: Estatu Batuetako zinema industriak bertako ekoizpena nahi duten bezala saritzen dute. Euren kontua da. Handik, ezer kritikatu baino lehen, asko ikasteko daukagu. AEBetan egindako pelikula AEBetan saritzea gustuko ez duzula? Nor zara sudurra lapiko horretan sartzeko? Arazoa da produktua saldu dizutelako enpresako bazkidea zarela pentsatzea, eta errua zurea da, AEBetan eta hemen, denok burua daukagulako. Oso ikuspegi motza da, baserria bere dela pentsatzen duen morroiarena. Nik AEBetatik etortzen diren pelikulak gozatu egiten ditut, onak badira, eta bost axola dit zer sari ematen dieten han.
Amatiño
Amatiño dio:
2013/02/28 09:39
Bistan da goizeko ordu txikiak ez zaizkizula batere lasaigarri.

Pozten naiz Estatu Batuetako zinema industriaz egiten duzun defentsa dela-eta. Kontua da, ordea, nik hori 1983an esan nuela, gurean inor gutxik ulertu zidan arren.

Nor ote naizen lapiko horretan muturra sartzeko? Ekoizpena finantziatzen duten bezeroetako bat. Ez al dugu ba esan industria dela?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: