Durangoko Liburu Azoka 60 urte betetzear
Hala ere, ezustean, onerako baino ez zen izan, jende gehiago biltzeko besteko leku zabalagoa suertatu baitzen, baita arkupe zabaletako eurite eta haize-bolada hotzetatik babestuago ere. Hara non, zigorrez edo mespretxuz behartutako erabakiak sekulako arrakastaren susperraldia erakarri zuen.
Gainera, 1975eko azaroan Franco hil zen, 1976an Erreforma Demokratikoa onartu eta 1977an lehen hauteskundeak eratu.
Aurreko urteetan jorratutako bidearen garrantzia inondik ere ukatzeke (2), nik badut susmoa (3) 1974-1975 urteetan hasi zela Durangoko Azoka zena Euskal Herri osoko “azoka nagusi eta orokorra” izaten.
Datu objektiborik behintzat bada: 1974 urtean sortarazi zuen Gerediagak Kirikiño kazetaritza-saria, 1975ean estreinako argitaratu genuen Zeruko Argia astekarian Durangoko Liburu Azokari buruzko osagarri berezia eta, demokraziarekin batera, ordutik aurrera hasi ziren erdal hedabideak --Donostiakoak kasu, Xabier Aranbururi esker-- Durangoko Azoka “bizkaitartzat” baino zertxobait gehiagotzat jotzen.
Hartara, nolabait datorren urtean beteko dira 50 urte, “Durangoko" euskal liburu azoka moduan hasia, Euskal Herriko liburu azoka " Durangon” bihurtu zena. Hona, besteak beste, hedabideen aldetikako ispiluz, 1975 urte magiko hartako hainbat argazki.
1) Lehen urteko inpresioa oso txarra izan zen, bezperetako egunak arte "berdura-plazarenak" egin baitzuen eta itxuraz garbitzeko denborarik ere izan ez balute bezala.
2) Aurten bete dira 100 urte jaio zela Zaldibarren Balendin Lasuen, Gerediaga Elkarteko bigarren lehendakaria, eta berak aitortua da lehen urteetan argitaletxez argitaletxe aritu behar izan zutela Durangon parte har zezaten erreguka. Alegia, euskal argitaletxe askok “urrunegi” barrundatzen zuela, antza, Gerediaga Elkartearen ekimena. Adanismo puntua ere izan daiteke, nire aldetik, behintzat, 1972an ekin nion-eta, lan-motaz, Eibarko Euskal Herri guzti osoko kazetari izateari, aurreko zortzi urteetan Eibarko berriemaile soil izan ostean.
3) Hain zuzen, 1974ean sortu zuen Gerediaga Elkarteak "Kirikiño" Kazetaritza Saria. Behar bada ez da larregi izatea Gerediaga Elkartea 1974-1975 urteetan jabetu zela erabat komunikazioaren garrantziaz.