Hegoaldea Hollywood da
Aurreko ostiralean, Ospitalepeko eliza erromanikora bidean Zuberoako muturrean autoz nindoala, hango euskal irrati batek hegoaldeko albisteak eskaini zituen.
Hemengo berriemaileak informatu zuenez, Konstituzio eta Ama Birjina egunak tarteko, opor giroa nagusi zen mugalde honetan. Jende asko Euskal Herritik kanpora joana, New Yorkera eta Londresera batez ere. Eta, irten gabe gelditutakoak berriz, Gabonetako erosketei buru-belarri ekinda. Batez beste, hegoaldeko hiritar bakoitza 900 euro gastatzeko gertu.
Informazio honen ostean, Iparraldeko esatariak hemengo aberastasuna azpimarratu zuen eta ezer gutxi falta izan zitzaion Hegoaldea Hollywood dela esateko; are gehiago kontuan hartuta, hilabete honetan hamasei egunetan baino ez dugula lanik egingo.
Ez dakit Hegoaldea Hollywood den ala ez, baina, beldur naiz ez ote garen ahal duguna baino gehiago gastatzen ari.
Ingurumena eta klima-aldaketa direla eta, badirudi etorkizunaz kontzientziartzen dihardugula, bai baitakigu benetako arazoa ez dela oraingo egoera, ondoko belaunaldiei lagako dieguna baizik.
Ba... ekonomiaz ere antzerako. Arazoa ez da egungo bizimodua, gure ondokoak gu bezain ondo bizi daitezen gura ote dugun baino. Eta hori nahi badugu, hobe genuke lan gehiago egin, gutxiago gastatu eta gehiago aurreztu.
Hau entzunda, norbaitek esango du: Amatiñok agure zaharra ematen du, geroko ekonomia eta aurrezkiak defenditzen. Bai, behar bada bai. Baina kontu izan kolokan dagoena ez dela nere hiru urte barruko jubilazioa, zure hogeita hamar urte barrukoa baino.
Ez naiz nererik defenditzen ari. Ni ez naiz ordurako egongo.