Belgikako telebista
Esaidazu norekin diharduzun eta esango dizut nor zaren dio errefrauak. Eta, ildo beretik beste hau ere izan zitekeen: Esaidazu ze telebista ikusten duzun eta esango dizut nor zaren. Edota beste hau: Zelako telebista, halako herria.
Segurutik Ameriketako Estatu Batuetan telebista publikoak ez du indarrik, gizarte zeharo pribatizatua delako. Seguru asko Europan ahalmen handia du telebista publikoak, bertako tradizioak publikotasunaren defentsa egiten jarraitzen duelako.
Era berean, Eireko telebista irlandarren hizkuntza-ardurarik ezaren ispilu gardena da, Kataluniako telebista-merkatua katalanaren osasunaren fruitu naroa den bezala, eta Euskal Telebistaren bi kateak gure hizkuntza-orekaren adierazgarri diren moduan.
Hain zuzen, Euskal Telebistarena da, munduan, aldi berean hizkuntza bitan lan egiten duen bakarra. Ez soilik teilatupe berean ari direlako euskarazko zein gaztelaniazko bi kateak, edota biek zuzendaritza berbera dutelako, baita lan-talde askok ere bi kateentzat lan egin ohi dutelako aldi berean. Auskalo modelurik onena den, baina bai behintzat integratuena, euskal gizarte-integrazioaren lekuko.
Besterik da, ostera, Belgikako Telebista. Batetik RTBF (Radio Televisión Belge France), frantsesez, eta bestetik VRT (Vlaamse Radio-en Televisieomroep), flandrieraz. Biak sortarazi zituen elkarrekin Paul-Henri Spaak politikariak (Europako Batasunaren gurasoetako bat) 1960an, eta biak daude Bruselako Reyers-Reyerslaan kalean, sarrera bi guztiz kontrajarriak dituen egoitza berean. Ate bi, zuzendaritza bi, isil-poltsa bi, lan-talde bi, gizarte-helburu bi eta, inoiz suterik balitz, baita amatatzeko itzalgailu bi ere.
Hori da Belgika.