Quirola eta kirola
Egia da Justo Garatek hori esan zuena, egia den bezala hainbat urte lehenago Augustin Anabitartek (Euskal Esnalea, 1919) "kirol" hitza erabili zuena. Aurretik, berriz, Azkuek bere hiztegian (Diccionario Vasco-Español-Francés, 1905) jasoa zuen eta, ordurako, bildua XVI. mendeko errefrauetan (Refranes y Sentencias comunes en Bascuence declaradas en Romance*, 1596).
Garbi dago "kirol" hitza ez dela asmatu berria, zeharo zaharra baino. Hizkuntzalariek ez dute honetaz zalantzarik. Baina soziologoek galdetu lezakete, ostera, ea zelan arraio "quirola" agertzen den Erdi Aroan, Errioxan, kirola ingelesek asmatu bazuten XIX. mendean.
Kontua da "quirol" hitzak ez duela jatorriz joko edo ariketa fisikorik esan nahi, olgeta edo jolas atsegina baino, gaztelaniaz zein frantsesez "deporte" berbak Erdi Aroan esangura zuen ildotik. Baina, XIX. mendean, ingelesek sport hitza berrasmatu zuten joko edo ekitaldi fisikoa adierazteko eta ondoren etorri zen antzinako berba zaharraren egokipena frantsesez, gaztelaniaz zein euskaraz.
Jakinekoa, beraz, zelan izan zen aldaketa historikoa. Auskalo, ordea, nor izan ote zen aldaketaren lehen eragilea. Hau da, 1905eko Azkueren hiztegian "kirol" hitza jostaketaren sinonimoa zen; 1919an berriz, Anabitartek idatzi zuen: euzkotarrak txapeldun dira kirol askotan. Nahiz eta, J. Díaz Nocik dioenez, Argia aldizkariaren kirol-saila Jolasak deitu 1920ko hamarkadan, eta ez Kirolak.
* Gorhua garrian, ta gogoa quirolan.
* Astoagaz adi quirolan, ta deyc buztanaz biçarrean.