Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sabino Arana, Euzkadiren aita

Sabino Arana, Euzkadiren aita

amat 2007/11/25 10:46
Euzko Alderdi Jeltzaleak atzo gomutatu zuen, Sukarrietan, bere sortzailearen heriotzaren 104. urteurrena eta, Durangoko azokaren bezperetan berriz, aurreko astean aurkeztu zuen Elkar argitaletxeak Jurgi Kintana Goiriena historilariak landutako Sabino Arana Goiri. Euzkadiren aita (1866-1903) deritzan biografia.

Mikel Atxagaren saio laburra (Bidegileak, 1998) edo izan ezik, Sabino Aranaren bizitzaz euskarazko aurrenengo idazlana dugu. Itziar Lakak (filologiaz), Joxe Azurmendik eta Esteban Antxustegik (politikaz), Mikel Zalbidek (euskalgintzaz) eta Joseba Agirreazkuenaga (historiaz) egindako azterketak badira aurretik, baina honako hau da, ehun urteren buruan, lehen biografia osotua. Bada, besterik gabe, zerbait.

Baina besterik ere bada. Jurgi Kintanak azken hirurogeita hamar urteotako bibliografia laburbildu du eta zeharo irakurterraza eta irakurgarria den 150 orrialdeko sintesia egiteko gauza izan da, datu zehatzez, hainbat ekarpen berriz, zenbait interpretazio pertsonalez eta, beti ere, maitasun handiz.

Liburuaren aurkezpenean, Mikel Aizpuru eta Joseba Agirreazkuenaga historilariek "orekatutzat" jo zuten Kintana gaztearen emaitza. Ez da gero meritu makala, "Jesukristoren pare gurtzeraino goratua" eta "Hitlerren mailan jartzeraino gaitzetsia" izan den pertsonaren biografia denez gero.

Aranak ez zituen, jakina, burujabetza, askatasuna, nazioa, foruak eta hizkuntza zaharra asmatu, baina bere garaian pil-pilean eta noraezean zeuden kontzeptu guzti horiekin egitasmo politiko eta esparru sinboliko berriak sortzeko gai izan zen. Kintanak berak dioenez "egungo abertzaletasunera iritsi den bidea Sabino Aranak abiatu zuen, Euzkadiren aitak".

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: