Telekrazia
Bi dira gaur egungo gizartean indarrean dagoen telekraziaren berezitasunak. Batetik, komunikabideak, oro har, eta telebista, bereziki, direla iritzi publikoaren sortzaile eta bideratzaileak. Bestetik, talaia horietan suspertu ohi den iritzi publikoaren eragileak letretakoak direla gehienbat. Edota, hobeto esan, komunikabideetan pentsalari eta intelektualtzat azaldu ohi diren asko eta asko idazle direla alegia.
Idazle izatea gauza serioa da eta pentsalari izatea, zer esanik ez. Euskal munduan urtetan uste izan genuen aski zela han-hemenka hiruzpalau huskeria idaztea besterik gabe idazle izateko. Garai batean, Euskal Idazleen Elkartearen zerrenda miatu baino ez zegoen hartaz jabetzeko. Ildo beretik, oraindik ere jarraitzen dugu uste izaten, aski dela idazle izatea pentsalari edo intelektual izateko.
Hala ere, besterik frogatzen ez den artean, kazetariak, poetak edo nobelagileak ez dira bestelako arloetako profesionalak baino intelektual edo pentsalari handiagoak. Segurutik, nor bere arloan, zein baino zein hobeak izango dira, baina hainbat literatura-generorekiko trebetasunak ez die hain konplexuak diren gizarte-zientzietan jakituria berezirik segurtatzen. Are gutxiago maisutasunik.
Seguru gero idazle jendeak plaza irekian esaten dituenak zentzuzkoak direna. Kontua ez da zentzuzkoak ez izana, zeharo arruntak izana baizik. Horretara, arazoa ez da gauza arruntak esatea, intelektualen burutik ateratako pentsamenduak direla sinestea baino.
Eta arriskurik arriskutsuena, beraz, erdipurdiko hausnarketa xumeak baino ez direnak pentsamendu intelektual sakontzat jotzea. Entretenituko gara, bai, baina ez dugu, horratik, aurrera egingo.