Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Tradizio aurrerakoia

Tradizio aurrerakoia

amat 2007/11/09 14:17

EVEk eta SPRIk 25. urteurrena ospatu dute. Azken urteotan euskal energia, industria, azpiegitura, garraio eta zerbitzu publikoen inguruan izandako berrikuntzen adierazleetako bi dira. Ez bakarrak, baita EiTB eta beste hainbat ere.

Tradizioaren ondareak eta berrikuntzaren erronkak egituratu dute euskal administrazioaren leloa. Gizarte modernoa mundura zabalik dago eta zenbait kritika politikok besterik nahi arren, Euskal Herria aurrerakoia da. Aurrerakoia bai, baina ez azken 30 urteotan soilik, baita bizpahiru mendetan ere. Ezin ba meritua oraingo jaurlaritza eta diputazioena bakarrik izan, betidaniko herri-erakunde guztiena baino.

Ezin gero ahaztu, Menéndez Pidal jakintsuak (Historia de los heterodoxos, 1930) esan bezala, 1765an sortutako Euskalerriaren Adiskideen Elkartea aitzindari izan zela eskolaren zein lanaren balorea aldarrikatzen eta, ondorioz, gurean hain ospe txarra duen Cánovas ministroak onartu zuela (1877) “en su espíritu administrativo, aquellas provincias han sido superiores hasta ahora a otras de la Nación” (Última etapa de la unidad nacional. Los Fueros vascongados en 1876. Fermín Lasala y Collado, 1924). Era berean, frankismoaren prentsa eta propaganda sailean aritutako Fernández Almagro akademikoak azpimarratu zuen (Cánovas. Su vida y su política, 1951), XIX mendeko Andalusia ultraerrepublikar eta anarkistak jauntxokeriari men egin zion bitartean, “las tradicionalistas Cataluña y Vasconia se pusieron a la cabeza del avance industrial”. Eta Soldevila historilariak ezarri zuen (Historia de España, 1952): “Fueron Cataluña y Vasconia, los dos ex baluartes del viejo carlismo, aquellas regiones en que más pronto se formó una opinión anticaciquil dispuesta a ejercer de modo efectivo sus derechos cívicos”.

Ordurako, Caro Baroja jabetua zen (Los pueblos de España, 1946) Katalunian eta Euskal Herrian gertatutako paradoxa ez zela Europan berria, ez baitziren alferrik britainiar tradizionalistak ere izan iraultza modernoaren eragileak.

Tradizio aurrerakoia? Aurrerapen tradizionala? Auskalo, baina jarrai dezala beste pare bat mendetan.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: