Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Leonardo da Vinci eta Aristoteles

Leonardo da Vinci eta Aristoteles

amat 2007/11/09 13:14

Hogei urtez eraberritze-lanetan aritu ondoren, 2003an jendaurrean azaldu zen, Milango Santa Maria delle Graeze elizaren prefektorioan (ordua eskatu behar da), Leonardo da Vinciren Azken afaria (1498). Baina, zoritxarrez, lau urte aski izan dira pinturaren osasun-egoera berriro ere kinka larrian jartzeko. Milioitik gora izan dira geroztik bertaratutako turistak eta berauek ilean eta arropan eramandako hautsak historian zehar izan den pinturarik aipagarrienetako honen blackening edo belzte-prozesua areagotu du.

Dan Brown-en Código Da Vinci nobelaren arrakastak arteaz ezer gutxi arduratu ohi den jendearen interesa piztu badu ere, tenperaz margotutako horma hau gero eta garrantzi gehiago hartzen ari da Informazio Gizartearen ikerleen artean, Leonardo da Vinci bera ziberkulturaren aitzindaria dugulakoan.

Eduardo Chillidak esan zidan behin arteak --teknologiak ez bezala-- ez duela ildo jakineko garapen-ardatzik. Hau da, teknologian errobera-gurdia-autoa-hegazkina delako katea ezinbestekoa bada ere, artegintzan berpizkundea-barrokoa-inpresionismoa-kubismoa delako bilakaera bestela ere izan zitekeela. Alegia, nekez litekeela errobera asmatu aurreko autorik, baina bai, ordea, teoriaz behintzat, barrokorik gabeko kubismorik.

Hala ere, ziberkulturaren zenbait ikerle kontrako iritzikoak dira eta, asmakizun berriei gurasoak bilatu beharraren beharrez, pinturaren historian izan diren estiloen arteko lotura segurutzat jo ezezik, pintorerik klasikoenak aldarrikatzen dituzte gaur egungo hainbat teknikaren oinarritzat. Aditu hauen ustez, nekez ulertu liteke gaur egungo infografia Berpizkundeko pinturak erakarri zuen ikuspegi espazialik gabe eta zail litzateke errealitate birtualera iristea aldez aurretik Bosco edo Daliren surrealismorik izan ez balitz.

Auskalo gero zer den lehenago, arrautza ala oiloa, baina eztabaidak dirauen bitartean ezin inondik ere ukatu Leonardo da Vincik bizitzarik gabeko androide gotikoak arima errenazentistaz berpiztu zituela, ordurarteko marrazki zapalei atmosfera sakona eskaini ziela eta bi dimentsiotako pintura lau-lauari bolumen geometrikoa ezarri.

Orain dela bostehun urte pintatutako “Azken afaria” bertatik bertara ikusi baino ez dago Leonardo da Vinci errealismo birtualaz bapatean jabetzeko. Ezin gero ahaztu, pintore ezezik, zientzilari, ingeniari eta ikerle ere izan zela eta, beraz, inork baino lehenago bategin zituela bere baitan gaur egungo ziberkulturak elkartarazi nahi dituen zientziak eta letrak, teknologia eta Arte Ederrak alegia.

Aristoteles berpiztu egin da. Gora Aristoteles!

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: