Aita eta papa
Nere bilobarik zaharrena hasi da lehen berbak ikasten. Zer esango eta, lehenengo ta-ta eta, gero, a-ta. Aita adurra dariola dago eta aittitta ere bai, jakina. Nik sumatzen dut nere biloba munduko neskatilarik argiena dela baina, hala ere, ulertzen ez dudana zera da: urtebeteko umeak zelan arraio ote dakien gure etxean a-ta esan behar duela eta ez pa-pa.
Euskaldunok betidanik esan izan dugu aita baina ez gara, antza, bakarrak. Zelteraz, germanikoz, eslavieraz eta Asiako zein Ameriketako hainbat hizkuntzatan ere antzerako da. Adibidez, sanskritoz tatáh, aimaraz tata, latinez atta, erromantzez taita, turkieraz ata, hungarieraz atya, arabieraz dada, ingelesez dad. Zentzu berean, Attila pertsona-izenak aitatxo esangura omen du eta 1589 urteko testuak honela dio Gaztelako haurren joeraz: "Lo primero que los niños aprenden decir para con los padres es taita".
Corominas hizkuntzalariari jaramonik egingo badiogu (Diccionario Crítico Etimológico Castellano e Hispánico, 1983), euskal aita ez da inondik ere erromantzezko taita-ren eratorria, alderantziz baino. Menéndez Pidalen ustez (Orígenes del español, 1926) eita-ren sorrera euskal iberismoan aurkitu behar da eta Koldo Mitxelenak esan bezala (Euskera, 1956), berriz, aita --dagoen dagoenean-- euskal hitzik zaharrenetakoa dugu.
Baina, zergatik euskal haurrek esaten dute a-ta eta ingelesek, ostera, da-da edo espainiarrek pa-pa? Itxura denez, zibilizazio eta kultura ezberdinetako hizkuntza askotan haurrak hasten omen dira tta-tta esaten eta tokian tokiko gurasoak dira, gero, euren hizkuntzaren logikaren arabera zuzentzen ahalegintzen direnak. Hau da: a-ta, aita, dada, papa eta nahi diren gainerako aukera guztiak.