Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Biraoak. Nafarroan bilduak

Biraoak. Nafarroan bilduak

amat 2007/10/28 20:17

Kalean da Patxi Salaberri eta Juan Jose Zubiri euskaltzainek osatu duten Biraoak. Nafarroan bilduak (Pamiela, 2007) liburua. Leitzarandik Erronkarira bitarteko milatik gora birao jaso, sailkatu eta aztertu dituzte. Bilduma bakana, euskaraz egindako aurrena, mendebalde honetatik --txaloez gainera-- hainbat hausnarketa merezi duena.

Lehen eta behingoz, mutur honetakook behintzat ez dugu sekula pentsatu izan, irainik, madarikaziorik, adarjotzerik, gaitzizenik edo berba zatarrik esateko euskara gai ez zenik. Gauza bat da erlijio-kutsuko biraoak esateko erdarara jo beharra --Wazemank saioaren gehiegikeriak ikusi baino ez dago-- eta, beste bat, edozein kristauk animalia-izena duen gizarte honetan fauna deskubritzen hastea.

Bigarren, nafar bion lan apartak ezin hobeto erakusten du, azaleko itxura guztien azpitik euskara bat besterik ez dela, eta azterlariok laburbildu dituzten arau, hitz-jario eta esamoldeak euskaldun guztion ondare direla. Anekdota modura, egileek Zaraitzuko fan adi txakurran ipurdiala esaldia batuan (joan hadi txakurraren ipurdira) idazten dute gainerako nafarrek ulertu dezaten edo. Auskalo goizuetarrek ez ote luketen bestela ere ulertuko baina, adibidez, elgetarrek behintzat bape arazo barik.

Herriz herri jasotako biraoez gainera, irakasle biok hogeita hamar inguru idazleren testuak hautatu dituzte. Zoritxarrez, Perez Lazarragako arabarrarenak edo izan ezik, bat bera ere ez bizkaieraz. Horren zaila ote zen Kardaberatzen edo Mendibururen garai bereko Mogel aipatzea? Edo, behin Txomin Agirre jarriez gero, Kresala aukeratzea eta ez Garoa? Ala Bizkaiak liburu-azaleko Jose Arrueren margoa baino ez du eskaini ahal?

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: