Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bilbao Guggenheim Museoa

Bilbao Guggenheim Museoa

amat 2007/10/22 18:21

Guggenheim Museoak hamar urte bete ditu. Salzburgon edo Venezian egingo ote zen eta, atzenean, Bilbon bertan, "bertan Bilbo" alegia.

Bai, Bilbon bildu ziren orain hamar urte, beste inoiz gertatuko ez diren hiru abagune: maldan behera zetorren Frank Ghery arkitektua, une hartan krisiak jota ziharduen Guggenheim Fundazioa eta katarsi-premian zegoen Bilboko desherria. Eta, atzekaldean, euskal burujabetza fiskala. Erabakia Madrilgo gobernuak hartu behar izan balu, ez genuke gaur Guggenheimik izango.

Arrakasta da museoaren balantzea. Sinbologiaren aldetik, orain hamar urte Gernikako Arbola zen bizkaitarren ikurrik ezagunena. Gaur egun, ostera, Guggenheim museoa bera.

Hirigintzaz, egitasmo honek gorpuzten du berrikuntza eta tradizioaren arteko euskal leloa: hizkuntzarik zaharrena eta gizarterik modernoena.

Ekonomiaz, bikoiztu egin dira aurreikusiak zeuden bisitari-kopurua eta autofinantziazioa. Eta, honez gero, Bizkaiko Diputazioak bildu du, zergetan, museoa egitea kostatu zenaren doble.

Bai, zenbaitek zalantzan jarri du Guggenheimek euskal kulturaren alde egindakoa. Gutxitxo ote...? Ez, behintzat, Anoetak edo San Mamesek euskal kirolaren alde egiten dutena baino gutxiago. Barneratua dugu Guggenheim kristoren dirutza kostatu zitzaigula, baina ez du inork esaten San Mames futbol-zelai berria Guggenheim museoa baino %50 gehiago kostatuko dela eta, hamabostean behin, bi ordutan irekitzeko baino ez.

Sekulakoa da Guggenheim gurea, "amama" gero: San Mames baino merkeagoa, egunero zabalik eta Txapeldunen Ligan jokatzen du.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: