Heriotza-zigorra
Romano Prodi italiar lehen ministroak heriotza-zigorra mundu guztian kentzeko eskabidea azaldu du Nazio Batuen Biltzarrean. Europako Alderdi Demokrataren lehendakariaren iritziz "gizakiak ez du zientziaz soil-soilik aurreratu behar, baita etikaz ere" eta heriotza-zigorra behin betiko kentzeak Justizia sakonduko omen luke eta "mendeku-kultura gainditu".
Historian zehar, herri eta gizarte guzti-guztiak baliatu izan dira heriotza-zigorraz gaizkileak akabatzeko nahiz arerio politikoak garbitzeko. Gaur egun, munduko laurogeita hamar estaturen legerian indarrean dago oraindik zigor hau, praktikan heriotzarik gehien-gehienak Estatu Batuetan eta Txinan gertatzen badira ere.
Gezurra dirudien arren, heriotza-zigorraren abolizioa XX. mendeko lorpena da, 1970etik honakoa batez ere. Hau da, bizi garenon giza-andanaren lorpena. Eta Europan, Bielorrusian edo izan ezik, gainerako estatu guztietan debekatua dago heriotza-zigorra, giza eskubideen kontrako erabakirik latzena delakoan.
Heriotza-zigorrik gabeko Europan salbuespen bakarra Bielorrusia dela esan dut... baina ez, Euskadin ere bada horrelakorik. Gurean ere heriotza-zigorrak indarrean dirau, beti ere aberriaren izenean eta aberria salbatzeko baldin bada, jakina. Eta denok lasai. Ea hurrengoan nori tokatzen zaion. Euskadi Irratiak Goiz kronika honetan emango du izenaren berri. Entzuteko gauza izan zaitezela entzule.