Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sestao Knutsen

Sestao Knutsen

amat 2007/10/07 20:35

Antena-puntaz Portugaleteko zubi zintzilikaria jo arren, Sestao Knutsen gasontzia ostiralean itsasoratu zen harro asko. Titanic (275 x 28) ospetsuak ez zuen horrenbeste zailtasunik izango, Sestao Knutsen (284 x 42,5) galanta baino txikiagoa zen-eta.

Julio Caro Barojak esana da: "Euskal Herriak garai oparoak bizi izan ditu itsasora begira jarri denetan eta krisialdi latzak, aldiz, bizkar eman dionean". Segurutik horrela da, Sestaoko ontziolen berrikuntza ez da-eta krisialdiaren lekuko, euskal industriaren indarberritzearen adierazgarri baino.

Sestao Knutsen gasontzia euskal ontziolen tradizioari darion emaitza baino zerbait gehiago da, gure ontzigintza ez baita honez gero lehiakorra, zurajean, errementaritzan edo galdaragintzan on samarra delako, goi mailako teknologia garatzeko gauza delako baino. Murueta eta Ingeletric enpresak ez dira nazioarteko merkatuetan nagusituko ontzi ugari sailean egiteagatik, banakako bereziak egin ahal izateagatik baino. Tradizioa bai, baina baita ikerkuntza eta garapen dezente ere.

Halere, tradizioari zor zaion atxikimendua ere ez da baztergarri. Ostiralean milaka lagun alaitu ziren Ezkerraldean eta pozarren ibairatu ontzi garaua ikusteko. Ez da gero berdin egunero hainbat auto, bizikleta edo makina anonimo kaleratzea ala lau urtetik behin izen eta guztiko itsasontzi bakarra uretaratzea.

Anekdotarik ere ez zen falta izan, itsasora bidean ontziaren antenak zubi zintzilikaria jo zuenean. Ostiral arratsaldeko itsasbehera 1,64 metrokoa zen. Orain astebetekoa, berriz, 0,51 metrokoa. Metro luze hori erabakigarria da izkirak hartzeko eta, itxuraz, baita gasontzi erraldoiak itsasoratzeko ere. Dena ez da teknologia...

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: