Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zeledoia

Zeledoia

amat 2007/09/23 18:02

Aurreko astean hil zen Jose Luis Isasi, 1957tik 1979ra bitarteko Zeledoia. Berrogei urtetik gorakook "betidanik" ezagutu izan dugun Zeledoia, aurrena, benetakoa, mitoa indarrean jarri zuena.

Hamabost urte zeramatzan Isasik Zeledoiarenak egiten nik informazio orokorra idazteari ekin nionean (Z. Argia, 1972), eta aitortu behar dut orduko euskal mundu underground hartan arlotetzat gutxiesten genuela frankismoaren gau ilunean sortutako pertsonaia. Herri-erakundetzeak eta nolabaiteko euskal normalkuntzak etorri behar izan zuten, Euskal Herri guztia ez dela Ataun konturatzeko. Geroztik, Zeledoiak bide luzea urratu du eta gaur egun nekez ukatuko ditu inork Zalduondoko baserritarraren jatortasuna, herri-atxikimendua eta Gasteizko jaien euskal sinboloa.

Isasiren heriotzak hausnarketa xume bi egiteko beta eskaintzen digu. Batetik, zein berriak diren gero gure zenbait tradizio "zahar". Eta ñabardura hau ez dagokio berrogeita hamar urte zahar den Zeledoiari soilik, hogeitaka baino ez dituzten Bilboko Marijaiari, Arrasateko Maritxu Kajoitxuri eta beste hainbati ere baino. Bestetik, Jose Luis hil bezain laster, Gasteizko Udalak bertako Seme Kutun izendatu zuen presaka eta harrapataka. Jose Luisek aspaldi merezia zuen aitorpen hori eta inork ez du zor ez zitzaionik esango. Zergatik, orduan, hil arte itxaron?

Ulergarri litzateke gazte samarra izanez gero edo bat-batean hil izan balitz. Baina Jose Luisek 77 urte zituen, hiru hilabete zeramatzan buru-isuriak jota eta, hain zuzen ere, horregatik ez zuen abuztuko jaietako programa ofizialean parte hartzerik izan.

Hilda gero salda bero. Hobe omen da, bai, berandu sekula baino. Baina berandu... berandu da.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: