Trabeska
Joxe Migel Barandiaran zenak esana da izenik duen guztia izan badela. Hau da, sorginak, laminak eta Anbotoko Mari badirela, jakina, ez baitira alferrik izenaren jabe. Honelako zerbait esan beharko genieke hiztegia eskuan hartu eta trabeska aritzerik ba ote dagoen ala ez galdetzen dutenei.
Hala ere, ez naiz ni erdal hiztegitan bila hasiko eta bai, ostera, euskal altxorrean murgilduko. Hasteko, eta atzo bertan Oriok irabazi zuenez gero Kontxako Bandera, hona Patxi Lazkanok 1941an botatako bertsoa, nahiz eta orduan Hondarribiak irabazi... gutxienik interesa.
Oriotarra aurrena baietz
doblian zegon trabesa
Hondarribiak irabazi du
makina bat interesa:
premio ona, bandera ederra,
Kantabriako grandeza;
oraingo hontan bukatua da
hoien ikusi nahi-eza.
Ehun urte lehenagoko bertsolariek ere erruz erabili ohi zuten trabes hitza, Udarregiren bertsoak eta Txirritarenak gogoratu besterik ez dago. Trabesa postura da, jakina, baina ez joko-postura, tratu-postura baino. Hori da-eta, funtsean, ganorazko trabesa: parte biren arteko ituna, berba, hitzarmena.
Hiztegitara jo eta trabesa langa ere bada, zubigintza, lotura. Trenbidearen errail biek nekez jarraituko lukete etengabe elkarren ondoan bien arteko trabesik ez balute. Poesian, berriz, jarrera eta jokabide ere bada trabesa. Bitoriano Gandiagaren olerkiak dioen bezala: lurreko pobreen aldeko... trabesa.
Trabeska... Hiztegitara jo nahi duenak ez du aurkitzeko arazorik izango, zaharrenetatik (Lhande. Paris, 1926) berrienetara (Elhuyar. Usurbil, 1996). Bakoitzak jakingo du zein den aberriaren aldeko trabesik onena. Baina, iritzia iritzi, ez da hiztegi kontua.