Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / ETAren karta

ETAren karta

amat 2007/08/12 11:20

Berrogei urte ez dituen arren, Ander lantegiaren jabe da. Gazterik hasita, ia hogei daramatza astero hirurogei ordutik gora lan egiten eta ez zaio sekula burutik pasatu beste modu batez izan zitekeenik. Holaxe egokitu zaio eta kitto.

Ez du bere burua apartekotzat. Kalera jaitsitako baserritarren seme, bere sasoikoak unibertsitatera joaten hasi zirenean lanari ekin behar izan zion, hala izan behar zuelakoan. Eta, egia esan, astean hirurogei ordu lan egiten duten gehienei sarri gertatu izaten zaien bezala, ez zaizkio gauzak txarto atera. Orain dela pare bat urte ezkondu zen andereño batekin, korbata estreinako jantzi, elkarrekin pisua erosi eta negozioa, maldan gora, ondo.

Ez du, ez, bere burua apartekotzat, lagunen artean hilaren azkeneko nomina ordaintzen bakarra den arren. Beste adiskide guztiek –ekonomilaria, teknikaria, irakaslea, kazetaria zein funtzionaria izan— soldata kobratzen duten egun berean, Anderrek bere dozena erdi langileei ordaindu egin behar izaten die. Normala. Baten batek ordaindu behar besteek kobratzeko.

Guztiek dute egunotan lagunarteko aipagai ETAk azken bolada honetan enpresariei eskatu dien “iraultza-zerga”. Batek dio ez dagoela horrelakorik onartzerik, besteak uste du eskabide hori enpresari handi-mandiei baino ez zaiela egiten eta beste batek galdetzen du, berriz, ea zergatik ez zaien kooperatiba-buruei ere eskatzen. Bada esaten duenik, Diputazioari urtero egiten zaion errenta-aitorpena ere ez dela borondatezkoa. Zenbat buru hainbat aburu.

Anderrek ez du ezer esaten. Baso erdia ahoratu eta entzun besterik ez du egiten, isilik misilik. Denak dira nonbait jakitun baina bera da karta jaso duen bakarra.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: