XVI. mendeko euskal izenak
Beti pentsatu izan dut Txomin eta horrelako izenak XIX. mendeko beserritarren artekoak baino ez zirela baina horra non Martínez de Irala bera ere Chomin izan zen gaztetan eta bere bost anai-arrebak, berriz, Perico, Chariaco, Chari, Chomen eta Charingo.
Haritik tiratu eta Valle Lersundik frogatu du XVI. mendean tx (ch) hizkia txikigarritzat erabiltzen zela umeen artean, eta bost mende geroago gurean irauten duten Txanton (Antontxu), Matxin (Martintxo) eta Txatalin (Katalintxo) orduko lekuko direla oraindik. Orduan, tx (ch) hizkia, amaieran ezezik, hitzen hasieran eta erdian ere erabiltzen zen.
Hasierakoen adibide dira Txandres (Andrestxo), Txango (Juantxo), Txaria (Maritxo), Txarin (Marinatxo), Txana (Anatxo), Txaxi (Graziatxo), Txadalen (Madalentxo), Txartin (Martintxo), Txekolas (Nikolastxo) Txelena (Elenatxo), Txosan (Osanatxo), Txomin (Domingotxo), Txomen (Domenjatxo) etab. Erdikoen lekuko Antxon (Antontxu), Matxin (Martintxo), Matxalen (Madalentxo) eta Mitxel (Mikeltxo); eta amaierakoena, berriz, Enekotx, Mariatxo eta Perutxo. Baita inoiz, birritan, hasieran zein amaieran: Txariako (Maritxutxo) eta Txaringo (Marinatxutxo).
Segurutik honek guztiak ezer gutxi balio du Iker, Malen, Urko eta Nahia modan dauden garai honetan, baina garbi gera bedi behintzat, Joxemari, Joxantonio, Maiñaxi eta Mariapitta baino euskal izen zaharragorik ere izan dela.