Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Amatiñoren hamar kantak

Amatiñoren hamar kantak

amat 2007/07/11 23:30

Ni ez naiz musikazale edo kantazale amorratua. Oso belarri txarrekoa naiz eta, behar bada, Arrateko Ama, San Iñazioren Martxa, Gernikako Arbola, Gora eta Gora edo Agur Jaunak bezalako ereserkiak izan ezik, segurutik ez naiz gauza kanta bakar bat ere hasi eta buka osorik kantatzeko. Hala ere, etxeko arasetan bila hasi eta hirurogeigarren hamarkadako berrogeiren bat disko aurkitu ditut. Eta, dezente asko, euskarazkoak. Honek badu arrazoirik. Orain berrogeita hamar urte inguru gure aitak zenak urtean zehar plazaratzen ziren euskarazko disko guztiak erosten zituen. Gabonak inguruan Eibarko Etxezarraganera, disko-dendara, bialtzen gintuen aurreko urtean agertutako euskarazko disko guztiak erostera. Ez gero pentsa diru asko zenik, guztira ere hiruzpalau disko baino ez ziren izaten. Ez zen diru-kontua, erabaki-kontua baino, aita euskaltzale amorratua genuen eta gure etxean euskarazko disko, aldizkari eta liburu guztiak edo gehienak erosten ziren. Giro horretan hazi eta hezitakoa naiz ni.

Nik etxean ditudan diskoen artean datadunik zaharrena 1959koa da. Nik hamalau urte nituenekoa, vinilozko singlea, 45 rpmkoa. Gabon kantak dira: Olentzero, Iru Errege, Belenen sortu zaigu... Garai hartakoak Aurrak ikaszazue, Euskaldun jaio nintzan, Txalopin txalo etab. Hala ere, badira beste batzuk zaharragoak, datarik gabekoak. Ez dira vinilozkoak, pastazkoak baino, eta 78 rpmkoak: Trio Los Panchos, Los Xey, Ramon Aramburu soinujolea, Orozco Orquesta, Glenn Miller... Hogeita hamarren bat disko dira, viniloaren aurreko belaunaldikoak, beste galaxia batekoak, gaur egun inolaz ere entzun ezin ditudanak.

Cradle of love

Dena den, nik neuk neure diruz erositako diskorik zaharrenetakoa 1960koa da. Brook Benton-en baladak eta Johnny Prestonen rock-and-rolla. Eta bete-betean bat aukeratzekotan, Johnny Prestonen Cradle of love (Maitasun sehaska). Hauxe genuen gustukoen, kanta honek islatzen zuen gure moderno izan nahia. Orduan ez genekien funtsean sehaska-kanta bat baino ez zena, haur-kanta bat besterik ez, rock-and-roll erara kantatua. Hori bai.

Teoriaz Elvis Presley zen garai hartako erregea, baina Elvisek ez du leku askorik nere oroitzapenetan. Ez dut honekin esan nahi Presleyzale ez nintzenik. Abuztuko oporretan eta Zarauzko plazako kioskoan, Elvis zen nagusi. Neska-mutil frantsesak gogotik aritu izaten ziren rock-and-rollean eta gu berriz begira-begira, ikusi eta ikasi nahirik. Eta, esate baterako, 25 urte geroago, 40 urte nituela Memphisera joateko aukera izan nuenean, Graceland bisitatu nuen, nostalgia handiz bisitatu ere, kitsch estiloaren santutegia. Baina, dena dela, gure gaztaroan bazen Elvis Presley baino aprosagorik.

Apache

Garai hartan, 1960an, 14-15 urteko neska-mutilak gure lehenengo “guatekeak” antolatzen hasi ginen eta ordukoak ditugu Eddie Calvert (Morgen), Pat Boone (Anastasia), Gilbert Bècaud (Et maintenant) etab. Beraz, rock-and-roll gutxi eta arrimatzeko doinu goxoak, gehiago. Musika ezezik, elkarren gorputzak ezagutzeko garaiak ziren. Eta diskoetarik bat aukeratzekotan, The Shadows taldearen lehen singlea eta konposiziorik adierazgarrienetakoa: Apache (1961). Gaur egun interneten sartu eta sarri entzun ohi dut, bart gaueko doinua balitz bezala eta.... 46 urte pasatu dira¡

Rock-and-rollaren ondotik madisona etorri zen, Frantzian zehar edo etorri ere, Sylvie Vartan eta Johnny Hallyday tarteko. Orain ez bezala, gure belaunaldiak asko begiratzen zuen Frantzia aldera. Madisona ikaragarri gustatzen zitzaien neskei, seguru asko mutilik gabe dantzan egiteko askatasuna ematen zielako. Inor gainean hartu beharrik ez alegia. 1962koa da nik etxean daukadan lehen madison diskoa, Madison a Saint Tropez.

Yesterday

Ondotik, 20 urte kunplitu nituenerako Beatlesak agertu ziren. Ordurako lanean hasia nintzen, andregaia nuen eta ZERUKO ARGIAren Eibarko berriemailea. Eta Rolling Stonak agertu orduko, berriz, hiru seme-alaba nituen, beraz, adinez edo giroz behintzat, “pasatuxe“ samarra. 1963tik 1970ra bitarteko zazpi urteetan Beatlesek hamahiru disko kaleratu zituzten, denak zein baino zein arrakastatsuagoak baina, kantaren bat azpimarratzekotan, segurutik Yesterday (Paul McCartney, 1965). Amodioa galdutako balada. Belaunaldi osoaren kanta, seguru asko. Diotenez, irratiz sekula sarrien eman den kanta eta bertsiorik gehien –3.000 edo-- eragin duena.

Zenbat gera

Baina ordurako guk beste ardura batzuk geneuzkan bai etxean, bai familian, eta baita euskal gizartean ere. Giro hartan sortu zen euskal kanta berria. Iparraldean, Michel Labeguerie (Gazteri berria, 1963) eta Hegoaldean, berriz, “Ez dok amairu”: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Julen Lekuona, Jose Angel Irigaray, Artze anaiak… bataz beste nere belaunaldi berekoak dira. Euskal kazetaritza berria eta euskal kanta berria garai beretsukoak dira. Hain zuzen ere, oker ez banago Benito Lertxundiren lehen diskoa 1967koa da eta kantarik ezagunenetakoa Zenbat gera. Letra, Abel Muniategirena. Eta, hain zuzen ere, ZERUKO ARGIAren informazio-sailik irakurriena ere, asteroko “Zenbat Gara” izan zen. Berau izan zen euskal kazetaritzaren asteroko lehen informazio-saila eta astero idazten egin zen Amatiño kazetari.

Hala ere, euskal kanta berria ez zen bat-batean perretxikoa bailitzan sortu. Nik etxean umetatik ezagutu nuen Nemesio Etxanizen Kanta-kantari (1951) bilduma eta, gaztetan, Arratiaren (Auñamendi, 1967) eta Azkueren (La Gran Enciclopedia Vasca, 1968) kantutegiak. Horrez gainera, ezin ahaztu transizio hartan izan ziren beste hainbat kantari ere, gero denek jarraipenik izan ez arren, zubigintza egiteko gauza izan zirenak. Esate baterako, Carlos Mungia, Los Xey, Los Contrapuntos, Soroak, Jose Antonio Villar (Basque party), Paxo Olazabal (Oleskariak), Estitxu, Maite Idirin, Argoitia neba-arrebak eta Shegundo Iturralderen zenbait euskal konposizio. Denetarik zen, bai euskal kanta zaharrak eta baita nazioarteko kanten itzulpenak ere. Jose Antonio Villarrek “Gaztetxo naiz, gaztegi zu maitatzeko” kantatzen zuen, 1964ko Eurovisioan lehen saria irabazi zuen Giglioga Cinquettiren Non ho l'età per amarti euskaratuta eta Estitxuren far-west giroko “Ikusten nebanian, izar argitxo bat, zeruko gainean...“

Kojo gelditu nintzan

Gerra osteko euskal pizkunde hartan denetariko kimu berriak ernaldu ziren. Udaberri harek eraberrikuntza ugari erakarri zuen kantagintzan, kazetaritzan, irakaskuntzan, euskararen susperraldian eta baita bertsolaritzan ere. Benito Lertxundik lehen diskoa kaleratu zuen urte berean, 1967an, bertsolari-doinuen lehen LPa edo kaleratu zen. Neretzat kristoren aurkikuntza izan zen hura. Ni hamabost-hamasei urterekin joana nintzen trenez Eibartik Donostiara bertso-jaialdi batera ilusio handiz, eta baita ezer ulertu gabe etsipenak jota berriro etxeratua ere. Ene ikuspegiz, giputz-giputzez kantatzen zuten, hizkuntza eliptikoz eta kriptikoz, eta ez nien ezer ulertzen. Benetan sekulako dezepzioa izan zen neretzat. Baina gerora, Juan Mari Lekuonaren ardurapean atera zen disko harek, ordea, bertsozaletasunaren leihoa zabaldu zidan. Basarrik, Uztapidek, Xalbadorrek, Mattinek, Azpillagak, Lazkao-Txikik... kantatzen zituzten Txirrita, Pello Errota, Etxahun eta Xenpelarren bertsoak eta hura benetan liluragarri iruditu zitzaidan, behin eta berriz entzunez ulertzeko eta ikasteko aukera ematen baitzidan. Bertsoren bat nabarmentzekotan, Oiartzungo Kazkazuri (1873-1932) bertsolariaren Kojo gelditu nintzan, Juan Mari Lekuona zenak berak kantatua. Kriston ahapaldiak iruditu zitzaizkidan. Nik buruz ikasitako bertsorik bakarrenetakoak. Hona azkena:

Txiki-txikitandik arro ta tunante
Kontrariua pranko, gutxi det amante;
Lan honek seituko nau bizi naizen arte
Aitxurrak eta palak muatuko naute.
 

... hil arte sekula aldatzeko prest ez dagoenaren errebeldia, ehun urte lehenago jaiotako bertsolariaren ahotik¡ Disko hari esker hurreratu nintzen bertsolari-mundura, Juan Mari Lekuonari esker hain zuzen ere, eta behin baino gehiagotan aitortu izan nion Juan Mariri berari.

Tumatxa

Azkenean Franco hil zen, hauteskundeak etorri ziren, euskal erakundeak indarrean jarri eta baita lehen euskal komunikabide publikoak ere. ETBk 1984an egindako lehen bideo-klipa Niko Etxart rockeroaren Tumatxaz baliatu zen. Garai berriak ziren, teknologia berriak, aukera berriak eta giro berriak. Ilusioa zen nagusi. Mundu guztia zegoen edozer egiteko gertu. Figurante-lana ETBren zenbait teknikarik egin zuen. Egun, zail gero antzeko zerbait berriro egin ahal izatea. Ez dut inoiz ahaztuko Eloy Diaz de Monasterioguren Teknika arlo-burua kamera aurrean Tumatxaren erritmoa eramaten, Luis Iriondoren zuzendaritzapean. Gaur egun Eloy Gasteizen bizi da, jubilatua. Itsas-radiotelegrafista izateari utzi zion ETBra lehorreratzeko, eta bera izan zen Euskal Telebistaren lehen bideo-kliparen izarra.

Izarapean

Aitortu behar dut neretzat euskal kanta berria Benito Lertxundirena, Lurdes Iriondorena eta Xabier Leterena dela gehienbat, nere adin edo andana berekoak direlako jakina. Baina bada kanta bat, bai Imanolek eta bai Txomin Artolak kantatua, neretzat euskal amodiozko abestirik politenetakoa. Joxerra Garcia eta Karlos Jimenezen Izarapean. Txominen bertsioa 1988koa da, ia orain dela hogei urtekoa. Gogoratzen naiz Txomini berari deitu niola bere interpretazioa zein gustuko nuen esateko eta erantzun zidan: “Hi, horrenbeste gustatzen bazaik seguru gero maiteminduta hagoala”. Ez dakit bizi guztian maitemindurik irauterik ote dagoen, baina Izarapean demaseko kanta erromantikoa eta pasioz josia iruditzen zait oraindik ere. Euskal kantarik sexualenetakoa.

Izar azpian mundua dago, izarapean zerua
Zure laztanen haize hegoan galtzen da nire burua.
Errekatoak ur murmurio, itsaso handiak orru.
Zentzu guzien zoramenera, muxuz muxu, larruz larru.
Kimuarena ote lorea, ta fruitua lorearen?
Elkar urtuz jakin nahi dugu, ni zu naizen, zu ni zaren.
Su gar harroa iraungitzean, ilintiak gori dirau
ase ondoko lotan gautzala, ailedi betirako gau. 

Azken oyua

Bada beste kanta bat, erromantikoa baino gehiago epikoa, lirikoa edo elegiakoa dena, nere aurreko belaunaldiarekin lotzen nauena. Antxon Valverdek Lauaxetaren omenetan kantatutako Azken oyua. Fusilatu behar zuten goizean idatzi zuen Lauaxetak poema hau:

Goiz eder onetan erail bear nabe,
Txindor baten txintak gozotan naukela?
El naiten leyora begiok intz-gabe.
Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela
Or egazkin-egak odei-lapur doaz.
Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,
euren oin aurrean beredin gudari.
Gazte argi oneik, eutsi lur amari,
Bera baizen onik eztauko ludiak...
 

Eta aurretik, Antxonek ezartzen dio bere bertsioan Gazte gexua poemaren (Bide barrijak, 1931) ahapaldi bat, Lizardik kritika zorrotza egin zion arren neri irakaragarri gustatzen zaidana:

Enara batek bezela, gaztetasunak narua
eta eguak zabalik gorantza juat gogua.
Oraindik eztot il gura, bixitzau yatan leguna.
Maite dau bijotz gaxuak ene aberri kutuna... 

Antxonek bi bertsoen arteko kontraesanaz bertsio mundiala egiten du. Borobila. Batetik oraindik eztot hil gura eta, bestetik, goiz eder onetan erail bear nabe. Eta, bien artean, denetarik dago: “Eusko Gudariak” ereserkiaren hainbat joan-etorri, BBCk eta Radio Parisek gerra-denboran eskaini ohi zituzten albistegien sintoniak, bonbardaketa-hotsa, metraileta-tiroketak… Apartekoa da, sinbologiaz gainezka, ikaragarrizko zirrara eragiten dituena. Ni abertzalea naiz, aberri-sentimenduak hunkitu egiten nau. Nik uste dut gure aurreko belaunaldiari sekula behar beste eskertu ez diogun ahalegina zor diogula. Eta aitortza hori disko honetan laburbiltzen da beste inon baino hobeto. Antxon Valverderen bertsioa hunkigarria da. Segurutik ez da batere komertziala, 16 minutu luze baita. Senide eta lagun askok galdetu ohi didate nola demontre gustatzen zaidan honen konposizio triste eta malenkoniatsua. Baina nik uharte galduren batera disko bakar bat eraman behar izango banu, Lauaxetaren poema hauek eramango nituzke, Antxon Valverderen eskutik.

Xalbadorren heriotzean

Amaitzeko, euskal poetarik eta kantaririk preziatuena, batere zalantzarik gabe, Xabier Lete. Gizonezko handia, edozenbat zentzu eta arlotan. Bere "Abestitzak eta poema kantatuak" (Elkar, 2006) azken liburua irakurri besterik ez da. Zail gero bere kanta-bilduma ederraren artean bat bakarra aukeratzea. Are zailago, behar bada, aukera bakan samarra egitea. Baina, bat hautatu behar eta, nere alabak gustukoen duena hautatuko dut: Xalbadorren heriotzean.

Adiskide bat bazen, orotan bihotz-bera,
poesiaren hegoek, sentimentuzko bertsoek, antzaldatzen zutena.
Plazetako kantari, bakardadez josia,
hiltzen lihoa iruten, bere barnean irauten, oinez ikasia... ikasia.
Non hago, zer larretan,Urepeleko artzaina,
mendi hegaletan gora, oroitzapen den gerora, ihesetan joan hintzana. 

Amatiño

Eta, agur esan aurretik, aukera honetaz baliatu nahi nuke estreinu mundiala egiteko. Nere lehengusu txikiak, Joxe Mari Iriondo Mendizabal, Zaldibarko trikitilarixak badu Amatiño izeneko fandangoa maitasun handiz burutua eta, segurutik, ezin aukera hobea Amatiño fandangoaz amaitzeko... Bergarako Amatiño baserria jatorritzat dugun guztion ohorez, omenez eta esker onez.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: