Azkue, Broussain eta Arana
Atzo, Iparraldeko jeltzaleek Alderdiaren pesta ospatu zuten Hazparnen eta, besteak beste, Pierre Broussain (1859-1920) omendu, bertako alkate, Iparraldeko kontseilari eta 1919an sortutako Euskaltzaindiaren lehen hamabi euskaltzainetako bat izan zenez gero. Broussainek mediku-ikasketak burutu zituen Parisen eta Québec-eko abertzaleekin izandako harremanen ondotik euskaltzaletu zen (Pierre Broussain sa contribution aux études basques. P. Charritton, 1985).
Euskaltzaindia sortu aurretik eztabaida zorrotzak izan ziren Hegoaldeko (abertzaleak vs karlistak) eta Iparraldeko (xuriak vs gorriak) adituen artean, euskal ortografiaren batasunaz. Giro haren lekuko dira Azkuek eta Broussainek 1901eko maiatzetik 1902ko azarora bitartean elkarri idatzi zizkioten hogeita hamar gutunak (Euskera, 1957). Azkuek espainieraz, bizkaieraz eta gipuzkeraz eta Broussainek frantsesez, lapurteraz eta bizkaieraz. Gaur egungo irakurleak nekez sumatu dezake unean uneko hizkuntzaren aukera-arrazoirik.
Gutunetan agertzen denez, Azkue eta Broussain jakitunek euskal ortografia adituen artean eztabaidatu eta erabaki nahi zuten bitartean, Sabino Arana euskaldunberriaren ustez, ostera, parte hartu nahi zuten euskaltzale guztiek izan behar omen zuten boto bana.
Bi mugaldeetako euskal adituak Hondarribian bildu ziren eta ez zuten batasunik lortu. Erabakirik ezaren errua Aita Villasantek (Historia de la Literatura Vasca, 1961) Aranari leporatu arren, Mikel Zalbidek (Sabino Arana: Euzko Pizkundearen zutabe nagusi, 2001) frogatu du Aranak ez zuela Hondarribira joaterik ere izan, garai hartan Larrinagako espetxean zegoen-eta. Horregatik ziotsan Hiriart-Urrutyk Broussaini: Kartzelan egin beharko genuke biltzarra.
Ez, Aita Villasantek besterik esan arren, Hondarribiko porrota ezin zaio Sabino Aranari leporatu. Ez, Azkuek eta Broussainek salatu bezala ortografia ezin da herri-demokraziaz erabaki. Eta bai, Paulo Iztuetak, Joxe Azurmendik eta Mikel Zalbidek adierazi bezala, Arana euskaldunberriaren zenbait irizpide batere zuzenak ez izan arren, Arana eragilea jabetu zen hizkuntzaren balore politikoaz eta bera dugu XX. gizaldiko euskararen zuzperraldian eta berpizkundean ardatz eta zutabe.