Jose Mari Belaustegigoitia
Eibartarrontzat edo izan ezik (1), ez da denboraldi hau euskal futbolaren onena izan. Garai hoberik izan denik ezin ukatu. Gogoratu, esaterako, Espainiak Anberesko Joko Olinpikoetan (1920) jokatzeko estreinako osatu zuen hamaikakoan sei euskaldun zirela, Athletic-eko Jose Maria Belaustegigoitia tarteko.
Belaustegigoitiatarrak XVIII. mendetik aurrera agertzen dira paperetan, ez baitzen alferrik izan Jose Mari Belaustegigoitiaren birraitona Okondoko Ullibarri euskal idazlearen ikasle. Anaiarik zaharrena berriz, Federiko, Sabino Aranaren ikaskide, euskaltzale sutsu, euskaltzain urgazle eta Euskal Loteriaren sortzaile.
Jose Marik (zortzi anaietarik bost futbolari) Federikoren ildo abertzaletik jo zuen. Euskaldunberri eta EAJren kirol-arduradun, arazo bat baino gehiago izan zuen fuera Españaka aritzeagatik. Hala ere, paradoxa gero, historiak berari leporatzen dio furia española leloaren sorrera, Anberesko Olinpiadetan erakutsitako grinagatik. Egia esan, Belgikako prentsak ez zuen furia española aipatu, furia roja baino, elastikoa gorria zenez, baina espainiar epikak bestela itzuli zuen.
Eztabaidagarria ere mitoak gure Jose Mariri leporatzen dion esaldi ospetsua. Espainia eta Holanda zilar domina jokatzen ari zirela, Belaustek esan omen zion Sabino Bilbao taldekideari gola sartu aurretik: A mí Sabino, que los arrollo. Bilbao berak aitortu omen zuen, ordea, Belaustek ez ziola Sabino, aurrera baino esan, baina epopeiak besterik eskatzen zuen.
Jose Mari Belauste lerdena (1,93 m.) eta dotorea zen eta, kalean sonbreroa jantzi arren, zelaian modan ipini zuen lau korapilodun buruko zapi zuria. Palankari ere izan zen eta Arteta zein beste hainbat euskal artistaren modelu.
(1) Eibar 2 - Rayo Vallecano 0. Horretara, datorren denboraldian Eibarrek Donostiako Real Sociedad eta Gasteizko Deportivo Alaves taldeen maila berean jokatuko du.
(2) Jose Mari Belaustegigoitia Lola Zuloaga eibartarrarekin ezkondu zen.