Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erakundeen aspaldiko lana

Erakundeen aspaldiko lana

amat 2007/06/05 10:21

Joxe Joan Gonzalez de Txabarri eta Mikel Zalbide, irakasle soil ezagutu nituen nik orain hogeita hamar urte inguru. Eta, aurreko larunbatean, bata Gipuzkoako Diputatu Nagusi eta bestea euskaltzain, biak ere Agustin Iturriaga XIX. mendeko pedagogoaz mintzo.

Mikel Zalbidek esan bezala, Iturriaga orain berrehun urte jabetu zen euskararen etorkizun latzaz, eta egoera hura gainditzeko hizkuntza-politikaren premia salatu eta euskara eskoletan sartu beharra proposatu zuen, mende erdi lehenago Xabier Munibe Peñafloridako Kondeak aldarrikatu bezala.

Hain zuzen ere, Txabarri Diputatuak eta Zalbide euskaltzainak inor gutxik gogoan izan ohi duena agertarazi zuten. Alegia, Gipuzkoako Diputazioak orain berrehun urte ordaindu zuela nolabaiteko lehen hizkuntza-politika eta erabaki hura ez zela, gainera, salbuespen izan, Diputazioaren aurrekontuen bizkar argitaratu baitziren Larramendiren hiztegia, Iztuetaren gramatika eta Lardizabalen argitalpenak. Hau da, Hegoaldeko erakundeek XVIII. eta XIX. mendeetan jorratu zituztela oraindik –berrehun urte geroago-- Iparraldean aipatu ere egiten ez diren urratsak.

Eta, Hegoaldea aipatzerakoan, ez naiz Arabaz, Bizkaiaz edo Gipuzkoaz soilik ari. Zenbaitek jakin nahi ez duen arren, frankismoaren garaiko nafar diputazio karlistak ere gaurregungo UPNk baino dezente lan gehiago egin zuen, “Principe de Viana“ zein “Fontes Linguae Vasconum“ aldizkariak eta Joxe Mari Satrustegiren lan eskerga lekuko.

Ez... Ez. Hegoaldeko herri-erakundeak ez dira beti abertzaleak izan, baina herri-erakundeak izan dira, liberalak, karlistak, monarkikoak nahiz errepublikarrak izan. Eta, noizbait euskal historiak gogoan hartu beharko ditu, historia eurekin hasten dela uste duten sasiabertzale berrien harridura, mehatxu eta espanturik gabe.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: