Troiako zaldia
Jacques Delorsek esana: Europa OVNI bat da, alegia inork identifikatubako objektu hegalaria. Hain zuzen, komunikabideetan zehar lantzean behin hegan egiten duen Europa ezezagun hori noiz arraio lurreratuko den detektatzeko jardunaldia izan da Bilbon.
Ez dugu Europarik ulertzen, ez da-eta umetan erakutsi zizkiguten modeluetako bat. Europa ez da estatua, ez estatubako nazioa, ez naziobako erregioa... Orduan zer arraio da? Daniel Innerarityren ustez, Europa da azken urteotako berrikuntza politikorik handienetakoa, munduko demokrazia nazioanitz eta kulturanitzaren laboratoriorik aurrerakoiena. Eta, Sarkozyk gustuko ez izan arren, globalizazioaren Troiako zaldia, Europa da-eta etorri datorren gizarte globala eraikitzeko eredurik baliagarriena.
Zelan hau jendeari ulertarazi? Hiritarrak kexu dira ez ei delako behar besteko informaziorik. Datuek frogatzen dute, ostera, arazoa ez dela informaziorik eza, interesik eza baino. Hau da, benetan nahi duenak informazioa uholdeka duela. Interesa falta.
Zergatik ote interes falta hori? Ba, Europa teleberrietan agertzen ez delako; agertzen denetan agertzen den politikoa ezezaguna delako; ezezaguna izateaz gainera identifikazio ideologikorik ez duelako; eta, posizio-oposizio eztabaidarik ez denez gero, adierazpenek batere morbo mediatikorik ez dutelako.
Kontraesana nabarmena da: geure burua europartzat izan arren europar politika atzerrikotzat dugu eta, gainera, Italiakoa edo Britainia Handikoa baino arrotzagoa. Italiak eta Britainia Handiak, gutxienik, aurpegiak dituzte. Europak ezta hori ere.
Eta hau zelan konpontzen da? Ba... aurpegi ezagunak eta eztabaida identifikagarriak jartzen.