Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "300", Espartaren morala

"300", Espartaren morala

amat 2007/05/29 15:42

Zack Snyder-en “300” filme amerikarra da egunotan jenderik gehien biltzen ari den pelikula. Esanak esan, takillako arrakastarik behintzat ezin izango dio inork ukatu.

Frank Miller-en komikian oinarritua --hasi eta buka etenbako efektu bereziez josia--, filmeak kontatzen digun historia (Termopiletako gudua, K.a. 480) ez da ikusentzule arruntak okerrekotzat jotzeko bezain aldrebesa, Irango gobernua kexu azaldu den arren.

Izan ere “300” filmearen alderdirik eztabaidagarriena ez da digitalizazioari datxekon irudi aztoratua, ezta historiari nekez darion bertsioa ere, zuzendariak eskaini nahi izan duen mezu faxista eta xenofoboa baino. Espartak (Amerika ote?) defenditzen omen zituen balore handien aitzakiaz (askatasuna, demokrazia, ohorea, hiritartasuna, ausardia etab.), pelikulak puntaren puntako manikeismoa eta arrazakeria sartzen dizkigu muturretatik.

Filmeari jaramonik egingo badiogu, Termopiletan bi kultura kontrajarrien arteko gudua izan zen, non espartarrak zuriak, ederrak, dotoreak, onak, argiak, adituak eta “hetero” ziren, eta persak, aldiz, gainerako arraza guztikoak izateaz gainera (beltzak, nilotikoak, arabiarrak zein mongoliarrak), itsusiak, arloteak, zatarrak, gaiztoak, mozoloak, ezjakinak eta “homo” samarrak.

Eraz eta moldez, haurrentzako moduko filmea, nahiz eta, taxuz eta zentzuz, merkatuan dagoen produktorik amoralenetakoa izan. Espartaren morala ote? Auskalo... Leonidas erregek gerra egiten baitu bere kontu, eta erreginak, berriz, Aberriaren izenean... amore. Baina hori bai, biak omen Greziako zibilizazioaren kriseilu. Eta gero harritu egiten gara, irandarrak haserretu egin direlako...

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: