Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Don Camilo eta Peppone

Don Camilo eta Peppone

amat 2007/04/22 20:59

Bigarren Mundu Gerra ostean, Giovanni Guareschi kazetari eta idazleak Don Camilo eta Peppone pertsonaiak asmatu zituen, garai hartako (1950) Italian nagusi ziren pentsamolde kontrajarri bien arteko liskarrak adierazteko.

Don Camilo herriko parrokoa zen, kristau demokrata; Peppone, berriz, alkatea eta komunista. Biak ziren bihotz oneko italiar peto-petoak eta biek ordezkatzen zuten italiar gizartearen aurpegi bikoitza, beti elkarren ondoan baina beti elkarren kontra ika-mikatan haserre. Don Camilo (Fernandel) eta Pepponeren (Gino Cervi) pasadizoek umorezko sei filme egiteko hainbat eman zuten.

Nekez pentsa zezakeen orduan inork Don Camilo erretorea eta Peppone alkatea etsai amorratuek noizbait bat egingo zutenik. Baina horra non datorren urtean elkarrekin bildu eta alderdi bakarra osatuko duten Romano Prodiren kristau demokratek (La Margherita) eta Italiako alderdi komunistaren oinordekoek (Democratici di Sinistra). Honelaxe erabaki berri dute asteburu honetan bakoitzak bere aldetik eratutako kongresuetan.

Segurutik gaur egungo kristau demokratak ez dira Don Camilo bezain katolikoak eta integristak, eta komunistak ere ez dira Pepponeren besteko gorri eta iraultzaile. Baina, zer gerta ere, biek erabaki dute etorkizuna zubigintza dela eta egiazko paradisua (zerua nahiz iraultza izan) erdian dagoela.

Auskalo Fukuyamak (Historiaren amaiera, 1989), Daniel Bellek (Ideologien amaiera, 1960) edo Albert Camusek (Ideologien amaiera, 1946) arrazoirik zuten ala ez baina, edozein modutan ere, ezin nabarmenago gero gaur egun irabazi nahi duten programa politiko guztiak zentrurantza jorratzen ari diren urraspidea.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: