XXI. mendeko Euskal Hiria
Eskola-umea nintzela --zer esanik ez gurasoen gaztaroan-- nabarmena zen kaletarren eta baserritarren arteko aldea, eraz, hizkeraz, janzkeraz eta, jakina, bizilekuz. Eta sekulakoa gero gure herri eta hirietako biztanleen distantzia físiko eta psikologikoa. Panorama erabat aldatu da. Gero eta txikerragoak dira baserrian, herrian edo hirian bizi direnen arteko diferentziak.
Mendebaldean behintzat, XIX. mendeko hiriak jakineko erdigunea zuen, non botore politikoa (udala), ekonomikoa (merkatua) eta erlijiosoa (eliza) begi bistakoak ziren. Etxeak ere, zenbat eta erdigunetik urrutiago merkeagoak ziren eta gizarte-maila apalago. Egonkortasuna zen XIX. mendearen ezaugarria.
XX. mendean, berriz, zentru publikoak garrantzitsu izaten jarraitu zuen baina hirien esparru pribatua auzoz kanpo zabaldu zen. Etxebizitzak han-hemenka sakabanatu eta giza-eremuak handitzearekin batera, zerbitzu publikoak eta pribatuak barreiatu ziren. Mugikortasunak itxuraldatu zuen XX. mendeko hiria.
XXI. mendean zehar, ohiko botereek indarrean jarraitu arren, euren zentralitate fisikoa galduko dute, teknologia berrien eraginez eta hiritarren zantzuak bertatik bertara jarraitu beharraren beharrez. Hurrengo belaunaldiak nekez bereiztuko ditu kalea eta baserria, hiri berriak ez du zentru fisiko jakinekorik izango, hipermerkatuak kale bazterreko denda txikia irentsiko du eta iritzi publikoa ez da herriko plazan erabakiko komunikabideetan baizik. Sare telematikoek eta garraio lasterrek egituratuko dute hiri berria.
Euskal Herrian, globalizazioaren eraginez munduan zehar nagusituko den modelu honen ondoriorik nabarmenena ez da bertako bost hiriburu nagusien zabalkunde hutsa izango, boston arteko distantziaren murrizketa baizik. Eta aldaketa morfologikoek ez dute urbanisten lana bakarrik eraldatuko, baita gure jokabide eta pentsamoldeak ere. Horretara, Bernardo Atxagaren aldarria --hiri kosmopolita versus herri etnikoa-- ez da proposamen soila, gertakizun faktikoa baino.