Zelako ordua, halako jarrera
Honez gero hirurehun urte dira XVIII. mendearekin batera Ilustrazioa indarrean jarri zenetik hona, Europan zehar. Hiru mende, Montesquieuk (1689-1755) botere legislatiboa, exekutiboa eta judiziala bereiztu zituela, Voltairek (1694-1778) tolerantzia aldarrikatu eta Rousseauk (1712-1778) Gizarte Ituna idatzi, non gizabanakoak bere hainbat eskubide estatuaren ardurapean uzten zituen. Hiru mende, filosofia hura Euskal Herrira heldu zela, Azkoitiko Zalduntxoak, Bergarako Seminarioa eta gainerakoak lekuko.
Ez dakit astelehen buru zuri bateko artikulu koxkorrari ekiteko ez ote den hasiera ponpoxoegia edo, bestela esanda, irakurleak honelako ospelkeriak irakurtzeko gertu ote dagoen, baina gure artean oraindik ere takian potian esaten eta defenditzen direnak ikusita, zalantzan jartzekoa da Ilustrazioak sekula Bidasoarik zeharkatu ote zuen edota, inoiz etorri bazen, benetan luzaro iraun ote zuen.
Esanak esan, segurutik hirurehun urte alferrik joan ez diren arren, ez du oraindik ematen hiru botereak uneoro bereizten direnik, ez dirudi tolerantzia emaitza oparoa denik eta, zer gerta ere, estatua babes ziurtzat jotzen denik ere.
Sekulako orekarik eza sumatzen da sarri euskal gizartearen baitan, oinarrizko zenbait aldarteren artean edota, hobeto esan, zenbait ordutegiren artean. Esango nuke esan, goizeko 8etatik arratsaldeko 6ak arte euskal gizartea kalbinista, erreformista eta gradualista samarra dela --lanaren balore moralaz, lehiakortasunaz eta arrakastaz sinesten duena baina iluntzeko 6etatik aurrera, ordea, bere mamu guztiei amain ematen diela, lan-arloan ez bezala esparru sozialean edo politikoan eskakizun, utopia eta gurari guztiak bat-batean eskuragarri balira bezala.
Euskal gizartea erabat ilustratua, malgua, modernoa, unibertsala eta esportagarria da, oro har, lanari dagozkionetan; baina, aldi berean, bere baitan ditu lanaz kanpo guztiz jarrera zarpail, zurrun, ez homologagarri eta esportagaitzak dituzten sektoreak.