Aitaren etxea defendituko
Berrogei mila lagun baino gehiago kaleratu ziren bart iluntzean Bilboko kaleetan zehar Gure erakundeen alde. Ez dakit zuzen ari ote naizen baina, esango nuke, azkenengo 30 urteotan ez dela sekula gure erakundeen aldeko manifestaziorik izan. Atzokoa, beraz, aurrena.
Adrian Celaya adituak esana da euskaldunok berezitasun nagusi bi ditugula: Euskara eta foruetan oinarritutako erakunde-sistema. Izan ere, euskara da, segurutik, Bidasoaz gaindi, Hegoaldea eta Iparraldearen arteko zubirik nagusiena. Eta, aldi berean, gure foru-sistema da Euskal Erkidegoa eta Nafarroaren arteko anaitasunari errotik heltzen diona.
Euskararen garrantziaz, teoriaz behintzat, dezente asko kezkatzen gara euskaldunok. Gure erakundeen balioaz ez gara, ostera, horrenbeste jabetzen. Honez gero, gure artean gehiago dira lehendakaria, jaurlaritza, legebiltzarrak, diputazioak eta gainerako erakundeak ume-umetatik ezagutu izan dituzten hiritarrak, batere horiek gabeko euskal gizarte zaharraz gogoratzen direnak baino, kontzertu ekonomikoa, euskal eskola publikoa, unibertsitatea, ertzaintza, euskal irrati telebista etab. betidanik hor egon izan balira bezala.
Nire aitaren etxea defendituko dut aldarrikatu zuen Gabriel Aresti poetak: Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik. Eta, gaurkoan, atzekoz aurrera esaterik ere badugu. Ze, hain zuzen ere, guk guztiok aitaren etxea defenditu beharra bai baitugu, askasiak zutik iraun dezan, gure herri-arima galdu ez dezagun eta gutariko inork, sekula gehiago, inor ez dezan hil.