Norberak esan, norberak sinestu
Orain 25 urte, ETBren sorreran, zenbait on hutsek nahi izan genuen Iurretan ezarri ordurako Alemanian indarrean zegoen lan-egitura. Baina hemengo sindikaturen batek gogoratu zigun hau ez zela Alemania. Ez zigun esan, ordea, hau zer arrazio zen baina, badaezpada, hemengo molde zaharkitua zuen nahiago. Hemen denok omen gara superabertzaleak... besterik komeni zaigun arte.
Beti izan dut nere burua euskaltzale eta abertzaletzat, baina erdipurdikoa baino ez, nonbait, azken bolada honetako kanpolarrosen aldean. Euskalgintzan, seme-alabak ikastolara eraman baino egin ez duen jendea ikusten dut nik euskaltzaletasun klaseak ematen; aberrigintzan, bizpahiru manifestaziotara joan besterik egin ez dutenak entzuten ditut mortalak eta bi aldarrikatzen, eta Europako bataz besteko soldataren %150 irabazten duen hainbat antisistema agertu nahirik dabil sarri.
Segurutik gurea ez da gizarterik eskasena eta txaplatena, baina edozenbatek esaten duten eta egiten dutenaren arteko amildegiari erreparatuez gero... nabarmen behintzat zein iaioak garen gure burua behin eta berriz engainatzen. Norberak esan eta norberak sinestu.
Behar bada zaharregia naiz, estajanobista samarra eta balore ahituetan hazia eta hezia, baina nik ez dut nere inguruan zenbaitek aldarrikatzen duen gizarte iraultzailerik sumatzen, dezente hedonista baizik. Jendeak segurtasuna nahi du, ez du bere eguneroko bizitzan eta lanorduetan arriskurik nahi, eta lagunarteko hitz-jariotan baino ez da euskaltzale eta abertzale sutsu. Euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak frogarik, kontsumorik, ekintzarik behar izango ez balute bezala.
Erronka ekintzetan erakutsi behar da, ez hitzetan. Egin egin behar da. Gaurko askoren konpromisoa estetiko hutsa da. Zenbait kasutan baita etikoa ere, baina ez, ostera, transformatzailea. Utopiak eskatzen du hastapenetan sendo eta bitartekoetan malgu. Ez da kontserbadurismo handiagorik errealitatea ukatzea baino.