Atzerakada
Arabiar esaerak zera omen dio: Jo egizu noizik behin emaztea. Berak jakingo du zergatik. ETAk ere honelako zerbait esaten digu: Guk lehergailuren bat jarriko dizuegu lantzean behin. Zuek jakingo duzue zergatik.
Auskalo gero Ahotsak taldeak ba ote dakien zergatik senar arabiarrek emazteak jotzen dituzten, baina bistan da ez dakiela zergatik ETAk bonbak jartzen dizkigun. Ez du behintzat Barajasko erasoaz iritzirik eman nahi izan.
Ahotsak taldeko emakumeek erabaki dute ETA gaitzesteak euren arteko elkartasuna hausten duela eta, elkartasunaren mesedetan, hobe dutela isilik egon. Norbaitek esango balu bezala, hobe dela, elkartasunaren izenean, sexu-diskriminazioaz jarrerarik ez azaltzea. Danok elkarrekin, aho batez isilik, eta kitto.
Zenbaitek esango du ez dela, horratik, berdina. Emakumeek sufritzen duten diskriminazioa oinarrizko giza-eskubideen kontrakoa dela eta ETAren mehatxu armatua, ostera, eztabaida politikoa baino ez. Baina hori ez da erabat egia. Munduan zehar herri asko dira, kulturaren izenean, emakumea bigarren mailakotzat jotzen dutenak. Gu gara, europarrok, erabaki dugunok emakumeak eskubide guztien jabe direla; guk geuk, europarrok, erabaki dugu ez dagoela alderdikeriaren aitzakiaz inor hiltzerik. Erabaki biak dira gure zibilizazioaren fruitu.
Ahotsak taldeko emakumeen artean batzuek nahi zuten ETAren jarrera salatu eta beste batzuek, aldiz, nahiago isilik geratu. Neutraltasunaren izenean onartu dute erabakirik eza. Baina emaitza ez da neutrala. Erabakirik hartu nahi ez zutenek irabazi dute.
Eta neri atzerakada nabarmena iruditzen zait.