Bakea
Orain hiru mila urte, zeharo ezaguna egin zen Dabiden eta Goliaten arteko norgehiagoka: Dabid gazteak Goliat erraldoia harrika jo eta zerraldo utzi zuen lurrean. Ez zen, nonbait, ohiko gertakaria izan, mundu guztiak gogoan gorde baitzuen mendez mende. Eta geroztik ere ez da batere normala izan, harez gero beti Goliatek irabazi izan du-eta.
Ez dakit nik euskaldunok konturatzen garen Dabid txikia gu garena eta Goliat handia, berriz, Espainia eta Frantzia estatuak. Ez dut honekin esangura denari amen-amen egin eta eskulotu geratu behar dugunik, estrategia erabakitzerakoan geure neurriaz jabetu behar dugula baizik.
Sarri hitzegiten dugu inork ez balu bezala guk baino indar eta kemen gehiago. Eta gutako zenbaiti iruditzen zaio euskaldunok historian zehar iraun izan dugula ahari-topekan egoskorrenak izan garelako. Baina... ez da egia.
Historialariei jaramonik egingo badiegu, gu baino setatiagoak izan ziren kantabriarrak eta, hain zuzen ere, horregatik erromatarrek birrindu eta suntsitu zituzten behin betiko. Gerra ez da gero errenta, eta zer esanik ez txikiendako.
Euskaldunok, ostera, hemen irauten dugu eta ez burruketan onenak izan garelako, auzokoarekin konpontzen jakin izan dugulako baino. Euskarak ez du iraun latinari irabazteagatik, latinaren inguruan bizi izateko zirrikitua asmatzeagatik baino.
Euskaldunoi ahaztu egin zaigu noiz irabazi genuen azken gerra. Gu Dabid gara, ez Goliat. Gure joko-zelaia bakea da. Bakea da gure bide bakarra, akordioz, itunez eta hitzarmenez lortu beharreko bakea.