Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Paneuskara

Paneuskara

amat 2006/12/17 23:16

Euskaldunok ez dugu inoiz zalantzan jarri euskararen normalkuntzak administrazio, eskola eta komunikabideen aldetik etorri behar zuenik. Uste hau Xabier Muniberen eta Agustin Kardaberazen idatzietan agertzen da XVIII. mendean eta Franco osteko demokraziarekin batera esparru horiek indartzeari ekin zitzaion. Hala ere, belaunaldi bakoitzak bere ikur bereziak izan ditu normalizazioaren urratsetan.

Ezer gabe hazi behar izan genuontzat, Arantzazuko Amaren Egutegia eta “Urte guziko meza bezperak” (1950) izan ziren euskara publikoarekiko lehen lotura. Badakit gaurko gazteriak nekez ulertuko duela, baina egutegiaren egunerokotasuna eta Orixeren euskara jantzia magikoak iruditzen zitzaizkigun. Euskara osotuaren garaia zen.

Orain 30 urte, berriz, fisika euskaraz erakutsi ahal izana izan zen garaiko belaunaldiaren ikurra, Suarez espainiar presidenteak esan baitzuen euskarak ez zuela hainbesterako balio. Eztabaidan zegoena ez zen fisikaren irakaskuntza, euskararen mailaren mugarik eza baizik. Euskara batuaren sasoia zen.

Zein ote da gaur egun euskararen normalkuntzaren ikurra? Ba, segurutik, entretenimendua eta, teknologia berrien laguntzaz, arlo horrek bideratu duen euskara berria, ETBren Mihiluze saioan eta blogen munduan nabarmentzen den euskara hain zuzen ere.

Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano bikoteak eskaintzen digun lehiaketaren errezetak lortu ditu euskararen inguruan betidanik bildu nahi izan diren osagaiak: gaztea, herrikoia, audientzia eta diru-saririk haundiena. Eta, euskal normalizazioari dagokionez, denok elkarrekin arazorik gabe konpondu arren, ezin esan gero euskara batuaren erreinua denik.

Beste horrenbeste gertatzen ari da Internetek erakarri digun plaza berrian, blogak eta eztabaidaguneak lekuko. Sekula historian ez dira horrenbeste euskalki eta euskara-mota elkarren artean aldi berean hizketan jarri. Bakoitzaren euskalkiaren eta guztion euskara batuaren gainetik “paneuskara” ari da nagusitzen.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: