Egia asaldagarria
Al Gore Estatu Batuetako lehendakari-ordea izan zen Clintonen gobernuan eta, 1999an, hauteskundeak galdu zituen Bushen mesedetan. Lehendakari-orde zela Al Gorek negoziatu zuen Kiotoko protokoloa, gero Estatu Batuek sekula sinatu nahi izan ez dutena.
Al Gorek klima-aldaketaren arriskua azaltzen digu edonork ulertzeko moduan eta, horretarako, teknika amerikarrak erabiltzen ditu. Helburua informatzea da, bai, baina, informazioaz jabetzeko, jendeak pantaila aurrean egon behar du ordu t'erdian eta, ikusentzuleak ihesik egin barik iraun dezan, hizlariak entretenitzen jakin behar du. Zentzu honetan, dokumentala Al Goreren showa da. Ingurumenaren defentsan, baina showa.
Dokumentalak ez du, behar bada, ezer berririk esaten. Gai honetaz dakienak ez du segurutik ezer ikasiko. Baina, hala ere, zer pentsa eragiten du. Kontrakoak ahultzen ditu, eszeptikoak konbentzitu, aldekoak indartu eta guztiak erabat asaldatu.
Lau dira dokumentalaren mezurik garrantzitsuenak. Bat: oraindik ez da beranduegi. Bi: Kiotoko protokoloaren aldeko guztiak ez dira lobby nuklearraren morroi. Hiru: politika ez da lar mugituko jendearen eragina sumatzen ez den artean. Lau: aldi berean, guztion erantzukizuna da. Ez dago dena politikaren bizkar lagatzerik. Gutako bakoitzak badu zer eginik. Eta egunero, gainera.
Hala ere, filmeak astebete eskas iraun du euskal hirietan eta ezer gutxi banatu da herriz herri. Beraz, gai guztiz garrantzitsua omen baina.... ezin ba zinera ez doan ikuslerik asaldatu. Aspaldiko abade zaharrarena: mezatara joaten ez zirenen kontra sekulakoak esaten ei zituen... mezatara joaten zirenen aurrean.