Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Yoyes ez zen errenditu

Yoyes ez zen errenditu

amat 2006/09/10 18:19

Orain hogei urte, 1986ko irailaren 10ean, asteazkena, telefonoz ari nintzen berbetan Migel Larrea “El Diario Vasco” egunkariaren zuzendariarekin. Bat-batean jarduna hautsi eta esan zidan: “Un momento... espera... se han cargado a Yoyes¡”. Nik, berriz, galdetu: “¿Han sido los del GAL?” Eta berak erantzun: “No, ha sido ETA”.

Aitortu behar dut ez nuela une hartan ETA izan zitekeenik zeharo sinestu. Orain badakigu tiratzailea Jose Antonio Lopez Ruiz “Kubati” izan zela, Franzisko Mujika Garmendia “Pakito” ETAren ekintza militarraren arduradun zelarik.

Dolores Gonzalez Katarain “Yoyes” hiru urteko semearen aurrean hil zuten. ETAn sartua zen 1970ko hamarkadaren hasieran, borroka armatuak frankismoaren aurka zentzurik zuelakoan eta 1979an edo utzi, ordurako ETAk berak ezagutu zuenarekin zer ikusirik ez zuelakoan. Ez zioten barkatu. Traidoretzat jo, Estatu espainiarraren kolaboratzailetzat salatu, heriotza-zigorra erabaki eta Ordiziako euskal jaietan erail zuten.

Egoera guztiz bestelakoa da 20 urte geroago, ETAren zeregina ez baita honez gero borroka armatua uzten dutenak traidoretzat jo eta herriko plazan garbitzea, euren jarraitzaile sutsuen artean heroitzat azaldu eta erretiro isila eskaintzea baino.

Segurutik, bakea amesten dugunok behin baino gehiagotan egin beharko diogu zenbait esamesi pasamisi eta hainbat gertakariri ez ikusi, baina ETAren menpeko ezker abertzaleak hausnartu beharko du noizbait zergatik jarraitu duen 30 urte noraezean, eraso, mehatxu eta erailketen zorigaiztoko errotan, heriotza, sufrikarioa eta gorrotoa lortzeko baino ez.

Ez. Arnaldo Otegik besterik uste arren, ez dugu ETAren errendiziorik nahi. ETAk 1976an egin behar zuena behingoz egin dezan baino ez dugu nahi, alegia: etxera joan. Yoyes ez zen errenditu, etxera joan zen. Eta guk nahi dugun bakarra zera da: euren burua lider superargitzat duten gizonezko helduek, sikeran 30 urte geroago, Yoyes 25 urteko neskatila gazteak ulertu zuena behingoz ulertzea.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: