Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Futbola eta politika

Futbola eta politika

amat 2006/07/02 19:21

Frantziako 19,5 milioi ikusle eta Espainiako 12,2 bildu ziren asteazkenean telebistako futbol-partidaren inguruan; besteak beste, 775.000 euskal hiritar tarteko. Biharamunean, emisio-eskubideak dituzten Cuatro eta La-Sexta telebisten akzioek behera egin zuten eta eskubiderik gabeko A3 eta T5 kateenek, ostera, gora.

Nekez ukatu daiteke futbolak gizartean zein ekonomian duen eragina eta ezin ere zalantzan jarri futbolaren dirdira politikoa. Politika eta kirola ez direla nahastu behar diotenak edo beste galaxiaren batekoak dira edota, seguruenik, politika eta kirola elkarrekin nahasten artistarik handienak.

Makinatxo bat lagun ezagutzen dut nik aurreko asteazkenean Espainiak galdu zezan nahi zutenak. Eta ez, jakina, jokalari gorri-horien kontra ezer zutelako, berorien elastikoek ordezkatzen zuten egitasmo politikoarekin bat ez zetoztelako baino.

Hainbat kirol-informazioren hizjarioari jaramon egin baino ez konturatzeko, koloreak ez direla neutralak eta jokoan zegoena ez zela kirol hutsa. Nahikoa izan zen erdipurdiko bizpahiru talderen kontra irabaztea euforia suspertzeko eta kirolarekin zer ikusirik ez duten aldarriei amain emateko. Bere burua zuhurtzat duen hainbat ikusi genuen astoratua Zidanek gola sartu arte, eta gero bai, gero etorri ziren baretu nahiak, ordurarteko gehiegikerien salaketak eta jarrera lasaiagoak eskatu beharrak.

Gorri-horizaleek ez dute ulertzen nola arraio inork nahiago dezakeen Frantziak, Ukrainiak edo Saudi Arabiak Espainiari irabaztea. Ez dira jabetzen Espainia dela Euskadiri nazioarteko partaidetza ukatzen diona eta hori konpontzen ez den bitartean euskal gizarte-zati handiak Espainia joko duela galtzaile-kinielaren zerrendaburutzat.

Inork galdu dezan nahi izatea ez da, ez, sentimendurik eskuzabalena, baina ezta inork parte hartu ez dezan nahi izatea ere. Zenbaitek uste dugu esku batez euskal selekzioa ukatzea eta beste batez espainiar selekzioarekiko atxikimendua eskatzea lartxo eskatzea dela. Ala ez?

Amatiño

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: