Gora Euzkadi askatuta
Asteartean, Bergarako Udalaren biltzar-aretoan, Sabino Arana Fundazioak aurkeztu zuen Hombre libre sin patria libre. Memorias desde la Resistencia vasca. 1936-1980 liburua non, Iñaki Anasagastiren laguntzaz, Jokin Inzak 45 urteko memoriak kontatzen dituen. Aurkezpena Victoriano Gallastegi alkateak egin zuen di-da batean, bere etxean seguru sentitzen denaren patxadaz, mahai-gaineko produktua Bergarakua izatearen harrotasunaz eta leku berean pastela mozten ohitua dagoenaren erraztasunaz. Ondoren, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioaren lehendakariak arratieraz arrasti on esan eta, bizkaiera osotu, naro, oparo eta joriaz Inzaren zertzeladen berri eskaini zigun.
Ostean, Iñaki Anasagasti senatariak, Venezuelan jaio izanak baino eman ez ditzakeen jarioaz eta emozioaz, biografiatuarenak kontatu zizkigun, argi eta zoli, luze eta zabal, inoren ipi-apak bere baitan guztiz barneratuak balitu bezala. Hurrena, berriz, Patxi Azkargorta (entrenatzailearen aita), Jokinen herkide, adiskide, espetxelagun eta erresistentzia bereko morroia: Ez dot ezer idatzitta ekarri... , ezta behar ere. Hizlari profesional gutxi gero, berea bezain euskara gozo, iaio eta jatorraz.
Azkenik, Jokin Inza bera, el Gordo: 12 neskari euskaraz egiteko eskatuz karta anonimo bana bidali zien 18 urteko gaztea; alemanei zein falangistei adarra joten ibilitakoa eta CIArekin harremanak izandako espia; Venezuelako Erresistentziaren suspertzaile eta Radio Euzkadiren eragilea; Agirre lehendakariaren Jaurlaritzapeko saltsa guztien perejila; beti ihesi aritu arren, bizpahiru espetxeren inauguratzailea; bizitza erdi ezkutuan pasatutako satorra; Jesus M. Leizaola, Manuel Irujo, Martin Ugalde, Joseba Rezola, Juan Ajuriagerra etab. klandestinitatean ezagutu zituena...
Denok zain, 82 urteren bueltan zer kontatuko, zer azalduko. Eta horra non gure gizonak zutitzeke luzatzen duen muturra mikrofonorantza eta, makila eskuetan duela, hiru hitz baino ez dituen esaten: Gora Euzkadi askatuta¡