Odola eman, ez kendu
“Aterpe 1936” elkarteak deituta, 1936-39ko gerran trintxera berean elkarrekin parte hartu zuten hainbat miliziano, sozialista, abertzale, anarkista eta beraien senideak bildu ziren atzo Artxandan. Baita elkarrekin Eusko Gudarien ereserkia abestu ere.
Hamabost urte nituen nik (1960) lehen aldiz Eusko Gudarien kanta nere gelakide bati entzun nionean Bilboko Komerzio Eskolan. Buruz ikasi nezan ehundaka bider kantatu arazi nion gizajoari, bai nere belarria orain bezain motza zelako orduan ere, eta baita jakin ere bagenekielako, inork esan beharrik gabe, kontu haiek ez zirela inon apuntatzekoak: “Eusko gudariak gara, Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola bere alde emateko”.
Geroztik, 1936-39ko gerra hura ezagutu ez zuen jende armatua izan da gure artean, euren burua ere gudaritzat agertu nahi izan dutenak, aurreko gudarien lekukotasuna euren gain hartu gurarik edo. Ez dut nik inoren estrategiarik ukatuko, baina bistakoa da sasigudari-andana honek ez duela kantaren letrarik aztertu edo, gutxienez, pasa-misi egin diela kantaren letrari zein espirituari.
Zer gerta ere, ez dut nik esango oraintsu arte armetan jarriak aritu izan diren horiek “Euskadi askatzeko eusko gudariak” izan ez direnik, baina inork ez dit gero sinestaraziko euren “odola ematearekin” konformatu direnik. 1969tik honako “gudariek” euren odola eman ezezik, eskatu ere eskatu dute, bortxaz eta mehatxuz eskatu ere eta, are onartezinago, baita makinatxo bati odola kendu ere.
Segurutik hauxe da, laburbilduz, lehengo eta oraingo “gudarien” arteko diferentziarik handiena. 1936-39ko gerrako gudariak, kantak dioen bezala, euren odola emateko gerturik azaldu zirela eta 1969tik honakoak, berriz, baita inori kentzeko prest ere. Lehenengoek faszisten kontra defenditutako Euskadik irabazi zuen demokrata eta askatzaile guztien ohore historikoa. Bigarrenek demokraten kontra aldarrikatutako Euskadik, aldiz, ezkutatu beharreko lotsa historikoa baino ez.