Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Telebistaren logikaz jabetu

Telebistaren logikaz jabetu

amat 2006/06/09 11:00

Irujo-Olaizola bikotearen finalak inoiz pelotak izan duen audientziarik handienetakoa izan zuen. Albisteak ez du inor ustekabean hartu. Pelota eta telebistaren arteko ezkontzaren arrakasta jakinekoa da. 1986an zenbait enpresarik telebistak pelota arriskuan jarriko zuela iragarri arren, ondorioak bestelakoak izan dira. Telebistak mesede baino ez dio pelotari ekarri.

Hala ere, meritu guztia ez da telebistarena, pelotak ere berebiziko aldaketak jorratu baititu telebistaren eskakizunetara egokitzeko. Kirolik gehienak ez bezala, pelota ez da partidak telebistaz emate hutsaz konformatu. Horrez gainera, gutxienez hiru aldaketa nabarmen eragin ditu telebistaren logikari amore emateko.

Lehen aldaketa pelotalekuak berdez margotzea izan zen, pelota hobeto ikusi zedin. Orain horma guztiak dira berdeak, baina Kubako Mundu Txapelketa arte (1990), eskuko frontoi guztiak zuri-zuriak ziren, eta Donostiako Atano III pelotalekua ez zen 1995 arte berdetu.

Bigarren erabakia alkandarak aldatzea izan zen. 1968 arte pelotariak guztiz zuriz jazten ziren, gerriko gorriz edo urdinez. Ez zuten euren arteko janzkera bereiztu beharrik, frontoira bertaratzen ziren pelotazaleok aurpegiz ezagutzen zituzten-eta. Telebistarako, ostera, izen eta guztiko kolorezko alkandorak jazteari ekin zioten. Finala kolorez, jantzita jokatu zuen lehen pelotaria Atanillo izan zen, gorriz, 1968an. Kontra izan zuen Azkaratek, ostera, zuriz jantzita jarraitu zuen, batek aldatzea aski zelakoan edo.

Eta hirugarrena, ordua. Aspaldi joan ziren pikutara igande eguerdiko finalak. Orain arratsaldeko telebista-ordurik onenean jokatzen dira eta, segurutik, uste baino lehenago, afalosteko prime-timean ikusiko ditugu, partida arruntak ezezik, baita finalak ere.

Pronostiko guztien kontra, kirolik tradizionalena izan da azken hogei urteotan aldaketarik gehien egin duena. Behar bada premiarik larrienak zituelako, baina baita jakin ere egokitzen jakin duelako. Bakoitzari berea.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: