Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Naziorik gabeko Estatuak

Naziorik gabeko Estatuak

amat 2006/06/04 21:11

Estatu plurinazionala modan dago. Euskadi nazioa da, Katalunia ere bai, baita Galizia ere noski, eta Andaluzia, eta Aragoi... Eta Valentzia, zergatik ez? Ez ahaztu gero valentziarren aldarririk bereziena inoren aldarriekin parekatzea dela. Giro honetan, badirudi bere burua naziotzat ez duen komunitateak ez duela ezertarako balio, nazio-ziurtagiria zer gerta ere lortu beharreko AENOR-en ISO 9001 araua balitz bezala.

Gurpil zoro samarrean ari gara Industria Iraultzak zenbait nazio Estatuz jantzi zituenetik eta beste hainbat biluzik geratu, inoren arropaz nahitaez jantzi beharraren beharrez. Geroztik, lasterketa latza dugu noiz Estaturik gabeko nazioak Estatuaz jabetuko, noiz nazioaskotariko Estatuek bere baitan dituen nazio guztiak gogoan izango. Baina, arazoa txarto planteatua balego? Edo, behar bada, XIX. mendeko planteamenduak XXI.ean garaiz kanpo baleude?

Daniel Innerarity filosofo bilbotarrak (“El nuevo espacio público”. Espasa Hoy, 2006) Michael Walzer soziologo amerikarraren eskutik adierazi bezala, behar bada etorkizuneko eztabaida ez da izango Estatuak nazio bakarrekoa ala nazioaskotarikoa izan behar ote duen, batere naziorik gabeko Estatua izan beharko lukeela baizik, abertzaletasunaren ikuspegitik Estatu laikoa alegia.

Gaur egun, mendebaldeko edozein Estatu modernotan eztabaida ez da jakineko erlijioren batek ala bestek, edo denak, izan behar ote duten ofizialak. Eredua ez da dagoeneko hori, erlijiorik gabeko Estatu laikoa baino. Eta, ildo beretik, Estatu modernoak bere baitango nazioekin beste horrenbeste egingo balu? Hau da, etorkizuneko Estatua erlijio eta nazio ofizialik gabekoa balitz?

Fikzio zientzia? Amets hutsa? Zenbait abertzale sutsuk besterik uste arren, teoria honek ez du aberririk baztertzen, ez abertzaletasunik uxatzen, Estatuari nazio bakarraren kudeaketa ofiziala ukatzen eta bere barruko nazioen arteko diskriminazioa debekatzen baino.

Gure kasuan, nork ez lioke Espainiako Erresumari nazio-laikotasunik eskertuko?

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: