Nafarroa... adibidez
Bakeak ekarriko duen egoera politiko berriak Nafarroari buruzko eztabaida suspertu du eta, besteak beste, hauzi honen inguruan dauden bi muturrak nabarmendu. Batasunaren inguru-mingurua, batetik, Nafarroarik gabeko Euskal Herrian ez dela bakerik izango mehatxatuz. Eta, UPNren alderdia, bestetik, Nafarroak ez duela sekula Euskal Erkidegoarekin batere egitasmorik partekatu zemaituz.
Bi muturrok zeharo kontrajarriak iruditu arren, uste baino hurrago daude elkarrengandik. Biek aldarrikatzen dute euren burua nafar guztien ordezkaritzat, biek dakite aldez aurretik zein den Nafarroarentzako etorkizunik onena eta biei bost axola zaie nafarrek zer nahi duten.
Baina, nahiz bi muturrok besterik esan, Nafarroaren geroak ez du historiak erabakiko, ez euskal irrendetismoak, ez nafar esentzialismoak, ezta nafarrak erotuko ote diren beldur den Miguel Sanz jaunak ere. Nafar etorkizuna erabakiko duen tresna bakarra demokrazia da.
Zenbaitek esan dezake demokrazia ez dela perfektoa, Madrilek mortalak eta bi egingo dituela nafarren borondatea ekiditzeko edota euskal abertzaletasunak ez duela amore emango bere aldarrikapena lortu arte. Bai, behar bada bai, behar bada demokrazia ez da perfektoa, joko politikoak hainbat baldintza ditu eta mundu hau zeharo konplikatua da. Baina, hiru xemaiko esne-berbei utzi eta, behingoz, onartuko al dugu guztiok ere: ez-dago-demokrazia-baino-beste-biderik. Eta kitto.
Gero, ozta-oztako demokrazia eskas horretaz baliatuz, aukera bakoitzak jakingo du zer esan, zer egin, zer eskaini, nafar-jendea erakartzeko, liluratzeko, limurtzeko, xarmatzeko edo amainatzeko. Seguru gero, hori guztia teoriaz hitzegitea baino zailagoa dela, baina nork esan du demokrazia erraza denik?
Eta, tituluan aurreratu bezala, Nafarroa adibidea besterik ez da. Euskal Autonomi Erkidegoan eta Iparraldean ere apostu bakarra demokrazia baino ez da. Kontua ez da nork handiagoak esan, nork aukerabide aproposagoak eskaini baizik. Asmatu alegia.