La recette du miracle basque
Sekulako krisialdi sakonaren ondotik, Euskadiko autonomiak bere sistema ekonomikoa modernotu du eta hazkuntzari ekin. Eraberrikuntza hau bertatik eragindako estrategian eta bertako nortasun-kulturan oinarritzen da. Guztia egin da lurralde-agintarien erabaki-ahalmenaz eta jaurlaritzaren eraginez, Madrilek besterik nahi izan arren. Esaldi honekin hasten da Les Echos (2006-04-13) egunkari ekonomiko frantsesak Euskal Herriaz egindako erreportajea (http://www.lesechos.fr/).
Rajoyk Euskal Herririk badenik ere ukatu arren, Frantziako egunkari ekonomiko honek Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea bildu ditu mapa berean le monde basque izenburupean. Auskalo gero euskal naziorik ba ote den baina, sikeran, euskal mundurik bai behintzat. Eta, itxura denez, etorkizun oparorik izan dezakeen mundua, euskal mirariaren errezeta eredutzat eskaintzen zaie-eta irakurleei.
Edozenbat datu ekonomiko azaltzeaz gainera, Les Echos egunkariak euskal miraria bideratu ahal izateko jarrera nagusiak laburbiltzen ditu: lan-zaletasuna, gauzak ondo egin nahia eta solidaritate-zentzua. Baita herri-agintarien apostua ere, eraberrikuntzan, ikerkuntzan, energian nahiz teknologia berrietan.
Erreportaje hau pozarren hartu dute pil-pilpilean dagoen Iparraldean. Euskal abertzaletasuna ez behar bada baina, euskal izaera, sena eta jatorria behintzat nabari asko indartzen ari dira Iparraldean, eta ETAren cessez-le-feu-permanent delakoak hegoaldearekiko beldurrak uxatu ditu eta baikortasuna, aldiz, areagotu.
Iparraldea gero eta gehiago ari da jabetzen Hegoaldearen aukerabideez, euskararen eta herri-nortasunaren mesedetan ezezik baita ekonomiaz, azpiegiturez eta gainerako garapen guztiez ere. Eta Les Echos egunkari ekonomikoak esandakoak berriak ez diren arren, bada aldaketa nabarmen bat: orain arte abertzale sutsuak baino ez ziren Hegoaldeko miraria aldarrikatzen zutenak; orain, aldiz, Parisko egunkari ekonomikorik ezagunena. CŽest la différence¡