Barojak ezagutu ez zuen herria
Pio Barajoaren heriotzaren 50 urtehurrena ospatzen hasi bezain laster azaldu dira barojazale eta baroja-ez-horren-zale omen direnen arteko hikamikak. Nabarmena da gero, eztabaidok ez direla literatur-arloan, politikaren inguruan baino.
Zenbaitek interesa du azpimarratzeko, barojazaleak gizarte aurrerakoi eta urbanoaren ispilu direla eta barojazale ez direnak, berriz, gizarte atzerakoi eta baserritarrarenak. Are gehiago, adierazi nahi digute Barojak XIX. mendeko euskal baserritarkeria salatu zuela eta, horregatik, abertzalegoak ez duela haren nobelagintza batere gogoko.
Auskalo gero teoria horrek balio ote dezakeen Bidasoa aldean --Lapurdi eta Nafarroako mugartetik, Hondarribia eta Donostiara bitartean-- baina nekez balio dezake Deba aldean behintzat, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan, Arrasatetik itsasbazterreraino. Egia, bai, Barojak amaitzear zegoen gizartearen berri eman zuena, baserritarrak, arrantzaleak, mugalariak eta kontrabandistak tarteko, baina egia ere ordurako, Garibaik 300 urte lehenago esan bezala, Deba arroan forjariak, meatzariak, merkatariak eta enpresariak nagusi zirena.
Barojaren paisaiak gogoan dituen herriak Sara, Zugarramurdi edo Lesaka diren bitartean, Garaibaik bertatik bertara bizi dituen herriak Oñati, Eibar eta Elorrio dira. Barojaren pertsonaiak --Juan de Alzate, Shanti Andia, Martin Zalacain eta Tximista kapitaina-- fikziozkoak dira eta Garibairenak, ostera, egiazkoak, Martin de Andonaegi, Lopez de Isasi edo Ana de Vergara, muger libre zena eta orain laurehun urte Valladoliden negozioak zituena. Barojaren progresia erromantikoa da eta Garibairen klasizismoa, berriz, bizitza bera bezain latza.
Don Pioren nobelagintza disfrutatzeko da, ez politikarik egiteko. Barojak euskaltzaletasunak gogoko duen mundua akabatu nahi duela esatea ezer gutxi jakitea da. Zenbaitek ez daki, oraindik, Pio Baroja jaio orduko edozenbat euskaldun lau mendeko tradizio industrialaren jabe ginenik.