Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Errealismo apurren bat

Errealismo apurren bat

amat 2006/03/19 18:19

Elbarritu taldeak Arzalluzengana jo zuen 1990ko Legebiltzarrerako kanpainan, EAJk bere hauteskunde-programan elbarrituen eskakizunak sartu zitzan. EBBren lehendakariak gogoan hartuko zituela agindu zien, baita galdetu ere beste alderdiekin biltzekotan ote ziren. “Bai, atzo HBrekin bildu ginen” – “Eta, zer esan zizuen?” – “Ba, autodeterminazioa lortzen dugunean gure aldarrikapen guztiak konponduko direla”. Elbarrituek esana, Arzalluzek kontatua.

Anekdota honetaz gogoratu naiz zenbaitek, Udalbideren egitasmoa zalantzan jartzeko, “subentzioak banatzeko leihatila” baino ez dela salatu duenean. Segurutik Udalbidek ez du nazio-eraikuntzarik konponduko eta ehundaka udalen eskuzabaltasuna mugatua izango da, baina zer pentsa ematen du gero ikusteak zein aberaskume diruarinak diren euskal udalen mugaz gaineko elkartasuna horren erraz gutxiesten dutenak.

Eskizofrenia politikoa. Kapaz gara Iparraldearen egoeraz lantua joteko eta bost urteotan Udalbidek bertan zabaldu dituen 1.200.000 euroak mespretxatzeko. Gai gara Nafar Gobernuaren lepotik mortalak eta bi salatzeko eta Udalbidek Nafarroako euskal ekintzei luzatutako 2.400.000 euroak hutsaltzat joteko.

Hizjarioa dugu maite. Ez dugu onartu nahi nazio-eraikuntza ez dela aldarri handi-mandiez egiten, eguneroko lanaz baizik. Noizbait lortuko omen duguna miresten eta honez gero eskuartean duguna arbuiatzen dugun bakoitzean, geure burua engainatu baino ez dugula egiten, gure erantzukizunari muzin egiten alegia.

Noizbait hasi beharko dugu onartzen ezin izango dugula beti jarraitu gure eskasiak inori leporatzen. Egunen batean onartu beharko dugu –eta behar bada ez da askorik falta— dagoeneko lortua duguna, aurrerantzean lortuko duguna baino askoz ere gehiago dela.

Beldur naiz ez ote dugun errealismo-bainuren behar, Lokarriren manifestazio-bezperan Jonan Fernandezek esandakoaren (Localia TV) ildotik. Kontua da, ordea, bainu hori nahita hartuko ote dugun ala nahiezta hartu eragingo ote diguten.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: