Euskal andreak aurreratu ziren
Aurten 75 urte beteko dira espainiar Errepublikaren Diputatuen Kongresuak emakumeen boto-eskubidea erabaki zuela (1931-10-01). Eztabaida latzen ondotik, 161 diputatu alde eta 121 kontra.
Hainbat arrazoi ezberdinez baiezkotan azaldu ziren sozialistak, eskuindarrak, eskuin-errepublikarrak eta Euskadi nahiz Kataluniako abertzaleak. Ezezkotan, ostera, ezkerreko errepublikarrak, radikalak eta radikal-sozialistak. Harrigarri iruditu arren, alde botatu zuten guztiak ez zeuden emakumeen botoaren alde, ezta aurka ere kontra botatu zuten asko. Batzuok zein besteok uste zuten emakumerik gehienak kontserbadoreak eta ezjakinak zirela eta euren botoa zeharo eskuindarra izango zela, Errepublikaren kaltetan.
Iritzi horretakoa zen, esate baterako, Indalecio Prieto sozialista bilbotartua, eta bere alderdiak besterik esan arren aurkako botoa eskatu zuen, emakumeei botoa ematea "una puñalada trapera contra la República" zela eta. Virginia Kent feminista amorratuak ere kontrako botoa eman zuen, lehentasuna Errepublikari eustea zelakoan eta emakumeen boto-eskubidea beranduagorako utzi zitekeela aldarrikatuz. Ildo beretik Pio Baroja liberala, "emakumeek apaizek esaten diena egingo dutelako".
Emakume Abertzale Batza elkarte jeltzalearen eraginez, EAJren diputatuek "ez iritzi batez baina bai aho batez" emakumeen alde botatu zuten. Jesus M. Leizaola beldur zen berdintasun-lege haren ondorioz emakumeek ez ote zuten soldadutza egiten amaituko, baina baiezkoa eman zuen "foruei (omen) zerien tradizioari jarraituz". Lauaxeta poetak ezin hobeto laburbildu zuen orduko euskaltzaleen giroa:
Ludira etorri gara
uso-antzo, zeu, urrumarako
leoi-antzo, neu, gudatarako.
Edozein modutan, emakume espainiarrek ez zuten hauteskunde orokorrak (1933-XI-19) arte botorik ematerik izan eta, gutxitan aipatu arren, euskal emakumeak hamabost egun aurreratu ziren (1933-XI-05), Euskal Estatutuaren erreferenduma igande bi lehenago izan zen eta.