Nostalgiaren begi lausoak
Estatu Batuak, 1954, CBS telebistaren See it now (Ikusizu orain) informazio-programa. Edward Murrow kazetari zorrotzak harripeetan ere komunista susmagarriak ikusten dituen McCarthy senatorearen paranoia salatzen du. Garai epikoak ei dira.
Gerra-ostea da eta aberri-segurtasuna, informazio-eskubidea, adierazpen-askatasuna, kazetari-etika eta enpresa-interesak elkarrekin dira, nahas-mahas. Lehengai historiko hauekin George Clooneyk Good night eta good luck (Gabon eta zori on) filmea zuzendu du, komunikabideen jarduna eragin eta bihar erabakiko diren Oskar sarietarako 6 nominazio lortu.
Baina, inor gutxik aipatu arren, filmean ez da maccarthysmoa bakarrik aipatzen, baita telebistaren lehen iraultza ere. Telebistak familiaren hezitzaile zintzo izan behar zuela uste zutenen kontra, gizabanakoaren entretenitzaile alproja izateari ekin zion. Eztabaida hau 1950eko hamarkadan gertatu zen Ameriketan eta Europan, berriz, 40 urte geroago. Beti berandu.
CBS telebista-kateak ez zuen Edward Murrowren programa igande arratsaldera pasatu McCarthyren presioengatik edo eskuineko merkataletxeek boikota egin ziotelako, beste zenbait programa gustagarriagoren mesedetan audientziak muzin egin ziolako baino.
Kazetaritzaren historiak garai hartako informaziogintza nostalgiaz gogoratu arren, nekez gogoratu nahi izaten du lehiaketa eta zozketa-programa arinak orduan hasi zirena indartzen, irratigintzan trebatutako kazetariek egin ohi zituzten programa berritsu eta aspergarrien eraginez.
Clooneyren gidoiaren ikuspegitik, seguru gero Edward Murrow izan zela borroka hartako garaile morala, mccarthysmoaren salatzaile amorratua izan zenez gero, baina hori egia izanik, egia ere bada gainerako guztietan galdu egin zuena. Gure guru handia ez zen audientziari eusteko gauza izan, programa orduz aldatu eta denboraz murriztu zioten, eta iragarkiek, berriz, hanka egin.
Nostalgia hunkigarria da... urteak joan eta urteak etorri komeni ez diren pasadizoak lausotzen direnean gehienbat.