Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Estatua ez dago modan

Estatua ez dago modan

amat 2006/02/26 20:46

Michael Keating abertzaletasunari buruzko aditua Donostian izan da eta hiru ideia utzi: Estatu europarren boterea gainbehera doa. Ez da honez gero Europako Batasuna onartzen ez duen mugimendu abertzalerik eta etorkizuna burujabetza partekatua baino ez da.

Ez da kontu berria. Abertzaletasunak, burujabetzak eta estatubako nazioek Europako Batasunean izan dezaketen etorkizunaz egindako saiakerarik sakonenetakoa Igor Filibi doktorearen lana da: “La Unión política como marco de resolución de los conflictos etnonacionales europeos: un enfoque comparado” (EHU, 2004).

Tesia zera da: Europako Batasuna da gaur egun munduko eremurik aproposena Estaturik gabeko nazioen gatazka konpontzeko, Europako Batasunak du-eta bakegintzaz zein burujabetza partekatuaz sekula historian izan den esperientziarik arrakastatsuena.

Igor Filibik galdetzen du: Europako Batasuna bi mundu-gerraren ostean sortu bazen behingoz Estatuen arteko bakeak egiteko, ez al da gauza ere izango Estatuen barruan dauden nazio-gatazkak bakebideratzeko? Are gehiago, Europako Batasunak Estatuen burujabetza partekatzea lortu baldin badu, ez al du estatubako nazioen aldarriak ere partekatzerik izango?

Zientzia Politikotako irakasle honen ustez, dagoeneko ez da geratzen Batasun politikotik alde egin nahi duen alderdi abertzalerik. Aldi berean, Europak badaki erronka bakarra demokrazia baino ez dela, edozein botere publikok demokratikoa behar duela izan alegia; indarkeriak ez duela lekurik; eta honez gero inor ez dela “independiente”.

Alderdi abertzale guztiak jabetu dira honetaz eta baita talde armatuak ere. Hain zuzen ere, ETAren bilakera ideologikoa ezin nabarmenagoa. Azken urteotan ETAren testu idatziak pasatu dira Europa gaitzetsi eta gutxiestetik, europar Batasun politikoaren bermea eskatzera; euskal Estatua eskatzetik euskal lurraldea proposatzera; eta armaz lortu beharreko lurraldetasunetik, hainbat epe eta erritmo ezberdinez demokraziaz aldarrikatu beharreko lurraldetasun zatikatura.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: