Zenbat eta lehenago, hobe
Asteburuko agiria irakurri ondoren batek ez daki etakoak umemoko krudelak diren, on-hutsak kakutsak edo, Iñigo Lamarca Arartekoak atzo bertan idatzi lez, una organización de ideología totalitaria y ferozmente antidemocrática. Edozein modutan, garbi dago ETAk ez duela tautik ere ulertu nahi.
Gezurra dirudi gero, berrogei urtean abangoardia, iraultza, askatasuna, herrigintza eta horrelako berba handi-mandiak barra-barra erabili ostean, oraindik ere edozein eskolakumek dakiena onartu nahi ez izatea.
ETA hasten da herriaren erabaki-ahalmena aldarrikatzen eta amaitzen du EAJ eta PSOE alderdiei esaten zein politika egin behar duten eta zein ez. Hau da, herriaren erabaki-ahalmena bai, baina alderdien erabaki-ahalmenik ez. Herriaren erabaki ahalmena bai, beti ere ETAk nahi duena baldin bada. Baina, politika-jokoan nork eman dio ETAri erreferiarenak egiteko errekadua? Esanak esan, ETAk ez du ulertu nahi alderdiek guztiek gero eskubide osoa dutenik nahi dutena proposatzeko eta herriari dagokiola, gero, proposamenon artean erabakitzea.
Zer gerta ere, edozein alderdik du eskubide osoa Nafarroa Aragoirekin elkartu nahi izateko, Araba eta Burgosen arteko batasuna eskaintzeko edo Euskadi Suitzako konfederazioaren kantoi aldarrikatzeko. Eta zer? Zer ardura zaizkio ETAri euren programa hauteskundero herritarren artean aurkezten duten alderdiek egin ditzaketen astakeriak? Alderdiek ez dute inoren bedeinkaziorik behar gura dutena proposatzeko, ezta hiritarrek inoren bermerik ere nahiago dituzten aukeren artean hautatzeko.
ETAk uste bezala herria honen argia baldin bada eta alderdiak, ostera, horren oker badagoz, badaki zer egin behar duen: hauteskundeetan parte hartu eta irabazi. Haren sasiideologoei jaramon eginez gero ezin esan behintzat helburu zaila denik.
Bitartean, zenbat eta lehenago armak utzi, denontzat hainbat hobe. Eta zenbat eta lehenago burutik kendu Herri hau jagoteko eta salbatzeko jaiotako Mesiasa direnik... hainbat erridikulu gutxiago egingo dute.