Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Munich"

"Munich"

amat 2006/02/10 13:19

Oskar sarietarako nominazioak lortu dituzten filmeen artean, Steven Spielberg-en “Munich” da eztabaida politikorik gehien eragin duena. Ezin gero bestela izan, israeldar eta palestinarren arteko gatazkak puri-purian jarraitzen du-eta.

Gaia jakinekoa da: 1972an, Municheko Joko Olinpiarretan, “Irail beltza” komando palestinarrrak 11 atleta israeldar erahil zituen. Geroztik, Mossad-en talde bereziak komando haren partaideak banan banan erahiltzeko ordena jaso zuen. 1972ko sarraskia telebistak eman zuen zuzenean. Ondoren gertatua Spielberg-ek kontatzen du 164 minutuan.

Kritikariak bat datoz filmearen egitura eta eduki indartsua baloratzerakoan baina hiru iritzi kontrajarri nabarmenak dira zuzendariaren jarrera politikoa jorratzeko orduan. Zenbaiten ustez, Spielberg-ek israeldarren ikuspegia lehenetsi du; beste hainbaten iritziz, ostera, palestinarren kausa da argien onesten dena; eta, horrez gainera, ez da falta Spielberg-en ekidistantzia salatu duenik, bien aldarriak parekatzeagatik.

Ez dut nik aste honetan Steven Spielbergekin hitzegiterik izan baina, filmea ikusi ondoren behintzat, beste hiru aukera ere zilegi iruditzen zaizkit.

Bat. Spielberg-ek ez du filme hau israeldar eta palestinarrentzat egin, berauen katramilaren inguruan ezer gutxi dakien gainerako mundu guztiarentzat baino. “Munich” ez da 1980 hamarkadako euskal zinema eta, zalantzarik ere ez gero, 70 milioi dolarretako aurrekontuak ahalik eta merkaturik zabalena itxaro duela.

Bi. Spielberg-en subjektibotasuna epaitzen dutenek ez dute konturatu nahi beraiek ere subjektiboak direna. Zuzendaria partzialtzat salatu eta bere burua neutraltzat joten duen kritikaria harro puxka baino ez da.

Hiru. “Munich” filmean hutsaren hurrengo da israeldarrek ala palestinarrek ote duten arrazoia. Batzuon eta besteon arrazoien gainetik bistakoena zera da: Indarkeriaren zorabioa zoroak ez dakarrela onik, zer gerta ere ez dela ezelango irabazlerik, denak direla galtzaile alegia. Israelen, Palestinan eta Kontxintxinan.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: