Espainia "galeuscatu"
Francok 1939an gerra irabazi, Bizkaia eta Gipuzkoa traidoretzat jo eta Kontzertu Ekonomikoak deuseztatu bezain laster, Estatuaren ingeniariak Donostiara etorri ziren Gipuzkoako errepideez jabetzera. Espainiar ordezkaria Diputaziora heldu eta atarian zegoen Ramon Pagola Errepide Zuzendariari esan zion: Aquí venimos a ver si españolizamos a Guipúzcoa. Eta Pagola jauna, tristurak jota baina ironiaz, ausartu zen esaten: ¿Y no sería mejor que vieran ustedes la manera de guipuzcoanizar a España?.
Ildo horretatik doa BNG (Gal), EAJ (eus) eta CiU (cat) alderdiek hurrengo egunetan Madrilen aurkeztuko duten Galeuscat Tribuna, Juan Mari Atutxaren lehendakaritzapean. Segurutik aterabidea ez da gero izango Galiza, Euskadi eta Katalunia espainiartzea, Espainia galeuscatzea baino.
Aldarri zaharra, hain zuzen. Joan Maragall aitonak 1898an salatu bezala, espaniar Estatuak bi erronka handi ditu aspaldidanik: modernizazioa eta nazio-aniztasuna. Estatuaren modernizazioak 17 aktore izan ditzake, baina nazio-aniztasunak hiruzpalau baino ez. Horra diferentzia.
Auskalo modernizazioa lortzea zaila ote den, baina nazio-aniztasuna behintzat ez da erraza izango. Horra, adierazgarri, Kataluniako Estatutuaren eztabaidak zein erraz metatu dituen espainiar naziobakarraren aldeko indarrak eta zein erasokor ialgi den hainbat espainiar arrunt. Inkesten arabera bost axola omen zaio jendeari Kataluniako Estatutua baina, antza, jende berberori erabat kezkatu da naziobakarra zalantzan sumatu duenean.
Jarrera fidagaitz hau prepolitikoa da. Juan Pablo Fusiri jaramonik egingo badiogu, espainiar naziotasun-zentzua 1800 ingurukoa da, hau da, Galeuscatek ordezkatzen duen abertzaletasuna baino hiru belaunaldi lehenagokoa. Eta espainiartasun horrek bestelako naziotasunak onartzea ez du politikak eragingo, kulturak baino.
Gogoangarri Gabriel Arestiren poema: Cierra los ojos muy suave, Meabe, pestaña contra pestaña: Solo es español quien sabe, Meabe, las cuatro lenguas de España.